Azaroaren 25a ate joka daukagu eta, urtero bezala, elkarretaratzeen, manifestazioen eta adierazpenen bidez berriz ere gogora ekarriko ditugu emakumeen aurkako indarkeria betikotzen duten arrazoiak eta mekanismoak.
Hala ere, zenbait diskurtsotan zalantzan jartzen da berriro ere indarkeria hori, honako hau esanez: “indarkeriak ez du generorik”. Horren aurrean, azaroaren 25ean, tinko azpimarratu nahi dugu indarkeriak baduela generorik eta, gainera, argi adierazi nahi dugu indarkeria hori egiturazkoa dela eta guztiz errotuta dagoela gizartean. Horrek azaltzen du zergatik gertatzen den testuinguru kultural guztietan eta maila guztietan. Izan ere, indarkeria horren jatorria zein den jakin behar dugu, hura ezabatzen lagunduko duten egitura aldaketa sakonak sustatu nahi baditugu. Indarkeria horren egiturazko erroak eta izaera kulturala ukatzeak ez digu aurrera egiten uzten. Hori gutxi balitz bezala, egungo gizartea antolatzeko moduak femeninoa denari balioa kendu eta emakumeak mendekotasun egoeran jartzen ditu. Gizonek eragin eta emakumeek jasaten duten indarkeria da. Horregatik, aurten gizonei honakoa eskatzen diegu: gogoeta egin dezatela emakumeen giza eskubideen kontra doan sistema honetan duten boterearen eta parte hartzearen inguruan.
Azken urteotan, gizon askok egin dute bat berdintasun aldarrikapenekin, eta maskulinitate hegemoniko tradizionalak ezarritako genero-aginduak berrikusi dituzte, gizarte berdinzaleago baten alde egiteko xedez. Hala ere, aurrera egin behar badugu, gizon gehiago modu aktiboan inplikatu behar dira eta normalizatutako portaerak (norberarenak zein besteenak) eta kultura matxista betikotzen duten sinesmenak identifikatu eta aldatu behar dira, horiek justifikatu gabe eta beste alde batera begiratu gabe.
Emakumeen aurkako indarkeria EGON BADA eta badira erantzuleak.