Bi hamarkada baino gehiago igaro dira Hego Euskal Herriko udalerriak emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak lantzen hasi zirela, emakumeek bizitzako arlo guztietan jasaten duten menderakuntza egoera iraultzeko eta euren bizi baldintzak hobetzeko helburuarekin.
Urte horietan, berdintasunerako zerbitzuek herritarrei zuzendutako jarduerak antolatu dituzte, besteak beste, herritarrak genero berdintasunaren beharraz sentsibilizatzeko eta emakumeak ahalduntzeko. Baina erakunde barrura begirako lana ere funtsezkoa da jendarte berdinzaleagoa eraikitzeko.
Izan ere, genero zeharlerrotasunaren estrategia garatuz berdintasunaz udal edo erakunde bateko arlo guztiak arduratzen dira, sail guztietatik sustatzen diren politika publikoetan genero ikuspegia txertatuz. Langintza hau arrakastatsua izateko beharrezkoak dira, besteak beste, konpromiso politiko sendoa, langileen sentsibilizazioa eta inplikazioa, baliabideak jartzea, eta lankidetzarako kultura lantzea.
Zentzu honetan, estrategia hau garatzeko tresna indartsuak dira emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako ordenantzak. Ordenantzek, lege maila altuagoa duten neurrian, aldaketak eragin behar dituzte, eta aldaketa horiei aurre egiteko oinarri sendo samarra behar da, ordenantza baliorik gabeko arau multzo bat bilakatu ez dadin. Nafarroan hainbat dira berdintasunerako ordenantzak indarrean dituzten udalerriak: Antsoain, Iruñea, Barañain... eta laster Altsasuk ere izanen du berea.
Altsasuko Udalak ibilbide luzea egin du emakumeen eta gizonen arteko berdintasun printzipioa bere jarduera osoan txertatzen. Urte hauetan egindako ibilbidea sendotzeko eta aurrerapauso bat gehiago emateko, apirilaren amaieran aurreikusten da Udalbatzak Emakumeen eta gizonen berdintasunerako Altsasuko Udalaren ordenantza onartzea. Horrek udal jarduera osoan genero ikuspegia sistematikoki txertatzea ahalbidetuko du, azken helburua emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra lortzea baita.