Urtero bezala, uda ate joka dugun honetan, gure bailarako herriak festan murgilduko dira. Jaiek gure eguneroko errutina eta monotoniatik ateratzen laguntzen digute, maite dugun jendearekin, gure herrikideekin, ospatzeko eta ondo pasatzeko parada eskaintzen digute.
Halaber, festak gure jendartearen antolaketa egituraren adierazgarri
ere badira eta, zentzu honetan, emakumeen eta gizonen arteko botere harremanak birproduzitzen dituzte.
Genero desberdinkeria horien alderdietako bat indarkeria sexista da, hau da, emakumeek emakume izate hutsagatik jasaten duten indarkeria. Jaiek hainbat ezaugarri dituzte. Esate baterako, egunez ez ezik, gauez ere ateratzea; alkohola eta bestelako drogak kontsumitzea; arau sozialak malgutzea eta abar luze bat. Ezaugarri horiek generoagatiko indarkeria-testuinguru batean kokatzen baditugu, emakumeek festak berdintasunean eta askatasunean bizitzeko eta gozatzeko aukerak mugatzea dakarte.
Horregatik, Sakanako Mankomunitateko eta Altsasuko Udaleko Berdintasun Zerbitzuek aurten ere kanpaina bateratua egingo dugu jai giroan emakumeen kontra egiten diren eraso zein jazarpenen aurka herritarrak sentsibilizatzeko, eta erakundeen nahiz gizarte osoaren konpromiso irmoa adierazteko. Gu guztion ardura delako emakumeek jaiak aske bizi ahal izatea.
Festetan ere eraso sexistarik ez!