Sakanan ZAINDU gertutik jardunaldiak pasa berri ditugun honetan hemendik aurrerakoak 'Nola? Non? Noiz?' galderak datozkigu burura.
Jardunaldi hauek Nafarroako Berdintasunerako Institutuak sustatutako "Zaintzen aldeko itunaren" baitan kokatuta daude. Izan ere, urte bukaerarako Sakanako Mankomunitateak eta eskualdeko zenbait erakunde eta eragilek ituna izenpetzeko konpromisoa hartu zuten.
Emakumeen eta gizonen arteko politika publikoen esparruan, Nafarroako Foru Komunitateak eta bertako toki erakundeek zainketen alde duten konpromisoa gauzatzeko itunak dira hauek. Bizitzaren jasangarritasunaren funtsezko alderdia baita berdintasun egiazkoa eta eraginkorra lortzeko bidean.
Itunaren helburua da zainketei lotutako beharrak identifikatzea eta konponbide eta proposamen komunak bilatzea eta zehaztea, zainketa-sistema unibertsal baterantz aurrera egiten jarraitzeko.
Honela, ituna sinatu aurretik eta Sakanako emakume eta gizonen arteko Berdintasunerako I. planeko "Bizitzaren jasangarritasunerako itun sozial berria" esku hartze arloari erantzunez antolatu zen ekimena. Zaintza lanak aitortzea, zaintzaren inguruko gogoeta eta kokapena egitea eta gure bailarako agendaren erdigunean kokatzea izan dute helburu. Zertaz ari gara zaintzak erdigunean jartzea esaten dugunean?
Azken urteetan, ahoz aho saltoka darabilgun kontzeptua da zaintzarena. Ezker-eskuin aipatzen da, eta eduki politikoz hustu aurretik, era instrumentalean erabili ordez, ezinbestekoa zaigu zaintza lanen antolaketan ezkutatzen diren bidegabekeria guztiak agerian uztea, eta gure gizarteen ardatz izateko bideak arakatzea.
Zaintza lanek hari asko dituzte, eta hari horietatik tiraka zenbait gai eta eraldaketarako esperientzia ezagutu genituen Lakuntzan: Euskal Herriko zenbait esperientzia, zaintzen duten eskualde eta herriak nolakoak izan behar duten eta zaintzaren pedagogia.
Jardunaldi interesgarri eta mamitsu hauen ondoren: Nolakoa izan behar da "Zaintzen duen Sakana"?