Dagoeneko udan sartu gara, eta horrekin batera oporrez, aisialdiaz, lasaitasunaz… gozatzeko aukera iritsiko zaigu. Gainera, datozen egun eta asteetan Sakanako herri askotan festa giroa nagusituko da, gure ohiko egunerokotasuna alde batera utzi, eta gure gertukoekin ospatzeko, gozatzeko eta ongi pasatzeko aukera izanen dugu.
Dena den, guztiok aske gozatzeko festak eduki ditzagun ezinbestekoa da pertsona guztiok eraso sexistarik gabeko festen aldeko konpromisoa hartzea. Izan ere, emakumeen kontrako indarkeria ez da "gaixo" edo "ero" batzuek eragiten duten zerbait, baizik eta gu guztiok mantentzen dugun sistema sozial baten ondorioa da; eta berau hankaz gora jartzen ez dugun bitartean, berorren aurkako jarrera aktiboa hartzen ez dugun bitartean, emakumeen aurkako era guztietako erasoak mantendu eta normalizatuko ditugu.
Beraz, emakumeek festak berdintasunean eta askatasunean gozatzeko, funtsezkoa da gure inguruan ikusten ditugun era guztietako erasoak (komentario matxistak, mespretxuak, irainak…) salatzea, erasoa jasan duen emakumeari babesa adieraztea, eta erasoa egin duena bere portaera aldatzeko pausoak ematera behartzea.
Guztiok aske gozatzeko festa batzuen alde, ongi pasa pasatu gabe!