Kirolik egiten al duzu? Zein emozio edo sentsaziorekin lotzen duzu? Zer behar duzu kirola gustura praktikatzeko? Kirolak ongizatearekin harreman zuzena du, maila fisikoan zein psikologikoan. Identitatea sortzeko ere tresna baliagarria da, banakakoa zein taldekoa. Taldean kirola praktikatzeak identitate kolektiboa sortzen eta kohesioa lantzen laguntzen digu. Baina horrela al da guztiontzat? Aukera berak al ditugu?
Eliteko LGTBI kirolari bat askatasunez bizi eta adierazi al daiteke? Sexu joera heriotza zigorrarekin zigortuta dagoen herrialdeetan egiten diren lehiaketetara joateko aukerarik ba al du? Pertsona trans bat sentitutako sexuan lehiatu al daiteke? Zein kategoriatan sartzen da pertsona intersex bat? Nork erabakitzen du eta zein irizpideren arabera?
Agian aurreko adibideak urruti xamar geratzen zaizkigu, baina ingurune hurbilera etorrita… Zer egiten dugu gure egunerokoan? Gaztetxoen arteko kirol partida batera joatea besterik ez dago marikoi iraina oraindik orain hitzetik hortzera erabiltzen dela entzuteko. Zer dago irain horren atzean? Zer egiten dugu horrelako egoeren aurrean?
Kirolean ematen den LGTBIfobiak ez ditu soilik pairatzen duten pertsonak kaltetzen; jendartean dauden estereotipoak eta ideia faltsuak mantentzea sustatzen du. Horregatik, kirola denontzat espazio segurua izan dadin, ezinbestekoa da kirolaren garapenean eragiten duten pertsona zein erakunde guztiok dagokigun ardura hartzea. Ez da nahikoa legeak indarrean jartzea, gero horien jarraipena bermatua ez badago.
Zorionez, badaude formazioak emanez egoera iraultzeko lanean dabiltzan elkarteak;
herritar guztiok kirola egiten gozatu dezagun.
Eta zuk zer egiten duzu?
Askotariko sakana, aniztasuna erein: denok loratu gaitezen!