Hara zer dien

Ez da antzerkia, indarkeria bikarioa da

Erabiltzailearen aurpegia Sakanako Mankomunitateko eta Altsasuko Udaleko Berdintasun zerbitzuak 2024ko abe. 9a, 07:55

Beste urte batez Azaroaren 25a, Emakumeen kontrako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna bizi izan dugu. Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1999ko abenduaren 17an onartu zuen egun hori, Dominikar Errepublikako hiru ekintzaile politiko, Mirabal ahizpak, ohoratzeko; Rafael Trujilloren diktaduran bortizki erail baitzituzten 1960.urtean. Ordutik urtero mundu osoko kaleak aldarriz bete dira indarkeria sexistarik gabeko bizitzen alde.

Indarkeriarik gabeko mundu bat aldarrikatzen dugu, non emakumeak zein haurrak beldurrik gabe, mehatxurik gabe eta beren eskubideen berme osoarekin bizi ahalko diren. Aurten, indarkeria horren modu suntsitzaile eta krudelenetako batean jarri nahi izan dugu begirada: indarkeria bikarioan.

Matxismoaren muturreko adierazpena da, eta emakumeak kaltetzea du helburu. Horretarako, erasotzaileak bere gertuko jendea erabiltzen du, batik bat seme-alabak, emakumeari ahalik eta kalte emozional handiena eragiteko. Indarkeria mota horrek sekulako aztarna uzten du jasaten dutenengan, eta, kasu askotan, neska-mutilen heriotza eragin dezake. Indarkeria bikarioak emakumeak eta euren hitza etengabe zalantzan jartzen dituen gizarte baten konplizitatea du; hori dela eta, leloak "Ez da antzerkia, indarkeria bikarioa da" dio.

Horregatik, ezinbestekoa da gure politikak eta baliabideak indartzen jarraitzea indarkeria matxista mota guztiei aurre egiteko, baita ikusezinenei ere, indarkeria bikarioari, psikologikoari edo manipulazioari zein indarkeria instituzionalari. Emakumeek eta adingabeek bakean bizitzeko eskubidea dute, eta toki entitateok funtsezko erantzukizuna dugu alde horretatik.