Azaroaren 25a ate joka daukagu. Aurten, indarkeria mota berrienetako, eta, aldi berean, ikusezinenetako batean jarriko dugu arreta: nesken eta emakumeen aurkako indarkeria digitala. "INDARKERIA MATXISTA DIGITALAK BADITU ONDORIO ERREALAK" lelopean, azpimarratu nahi dugu Interneten eta ingurune digitaletan gertatzen denak ondorio sakon, ukigarri eta mingarriak dituela.
Askatasuna, osotasun fisikoa eta morala, berdintasuna eta duintasuna bezalako oinarrizko eskubideak urratzen dituen indarkeriaz ari gara eta era askotara agertzen da: ziberjazarpena eta gorroto diskurtsoak, bikotearen kontrol digitala, onartu gabeko sexting-a, grooming-a, sextorsioa, deepfake-a bidezko irudien manipulazioa edo "mendeku pornografia" delakoa. Inpaktuak sakonak eta errealak dira: antsietatea, depresioa, isolamendua, autozentsura eta espazio digitalak uztea. Indarkeria honek emakumeen ahotsak isiltzen ditu eta esfera publikoan duten parte-hartzea mugatzen du, genero desberdintasunak indartuz.
Datuak kezkagarriak dira eta arazoaren garrantzia berresten dute. NBEk adierazi du mundu mailan emakumeen % 73k baino gehiagok jasan duela indarkeria Interneten; 18 eta 24 urte bitarteko neska gazteek jazarpen, sexu jazarpen eta mehatxu fisikoak jasateko arrisku handia dute; sexu edukia duten irudi intimoak baimenik gabe zabaltzen dituzten biktimen %90 emakumeak dira.
Horregatik, azaroaren 25 honetan, gizarte osoa gonbidatzen dugu rol aktiboa har dezan ingurune digital, benetan aske, berdintasunezko eta segurua eraikitzeko. Konpromiso kolektiboaren bidez bakarrik lortu ahal izango dugu emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizartea..