Hara zer dien

Sakana: Herri zaintzailez osatutako eskualdea eraikitzen

Erabiltzailearen aurpegia Sakanako Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzua 2026ko apirilaren 20a

Sakanako Berdintasun Zerbitzuak bere ibilbidea hasi zuenetik, zaintza ibarreko agendaren erdigunean kokatzea izan du helburu nagusienetako bat. Hori kontuan hartuta, 2023an Sakanan Zaindu gertutik jardunaldiak egin ziren, zaintzari aitortza eta izaera politikoa emateko, zaintza lanak erdigunean jartzeko, lanen antolaketan ezkutatzen diren bidegabekeria guztiak agerian uzteko, eta gure gizarteen ardatz izateko bideak arakatzeko helburuekin.

Sakanako Mankomunitatetik zaintzaren inguruko parte hartze prozesu bat martxan jartzeko konpromisoa hartu genuen 2024ean Sakanako Zaintza Ituna sinatu genuenetik, zaintza lanen Sakanako egoeraren diagnostikoa osatzeko, eta, hortik abiatuta, zaintza gai pribatu bat izateari utz diezaion eskualdean zainketen antolaketa berria eraikitzeko prozesua abiatzeko. 20205 urtean zehar EMAGIN kolektiboarekin ekin genion diagnostikoaren ibilbideari eta eskualdeko kolektibo, entitate eta zerbitzu askorekin elkarlanari esker, diagnostiko hori burutu eta aurtengo martxoaren 24ean egin genuen aurkezpena.

Diagnostiko honen emaitza nagusiei erreparatzen badiegu, argi ikusten da Sakanan zaintza lanaren banaketa desberdina eta desorekatua izaten jarraitzen duela. Emakumeak dira zainketen arduradun nagusiak, errekonozimendu gutxirekin eta zama handiarekin.

Herri zaintzailez osatutako eskualdea eraiki nahi baldin badugu, zaintza eredua aldatu eta era bidezkoan antolatu behar dugu. Horretarako, sinistuta gaude herria osatzen dugun eragile guztion ardura dela herri zaintzailea eraikitzea, bakoitzak bere eremu eta jardunetik. Erakunde publikoek eskubideen bermerako dugun ardura alde batera utzi gabe, uste dugu Sakanako herritarrek, eragile sozial, ekonomiko eta kulturalek ere ekarpen handia egin dezaketela bide horretan.

Honen guztiarengatik, behin diagnostikoa aurkeztuta, Zaintza Ekintza Planari ekin nahi diogu eta, esan bezala, erakunde publiko, sozial, ekonomiko, kultural eta herritarren elkarlana beharrezkoa da ibilbide hau egin ahal izateko.

Egin dezagun Sakana zaintzailerako bidea elkarrekin.