Sakanako gizarte zerbitzuetako hiru mankomunitateetako prebentzio programetatik ohar hau baliatu nahi dugu 2020. urtean Jaibus programan egingo ditugun aldaketen berri emateko. Aldaketa horiek Nafarroako gurea bezalako programa guztiak (Joan eta Etorri, Jaibus) bateratzeko beharretik sortu dira, prebentzio helburuak betetzeko; izan ere, horretarako ezarri ziren programa horiek.
Jaibus programak gutxitu nahi ditu alkoholaren eta bestelako drogen kontsumoak jaietako une zehatzetan, larunbat gauetan batez ere, eragiten dituen trafiko istripuak. Dagoeneko 20 urte daramatza Jaibusak martxan, eta hasieratik aldaketak egiten joan gara behar berrietara egokitzeko. Hasiera batean udan bakarrik funtzionatzen zuen zerbitzuak, oso egun gutxitan, eta askoz autobus gutxiago erabiltzen ziren. Hala ere, hori aspaldian aldatu zen Sakanako Mankomunitatea osatzen duten udalek egin zuten zerbitzuaren aldeko apustuari esker (nahiz eta beti uste dugun beharrezkoa dela aurrekontua handitzea zerbitzua egun gehiagoz eskaintzeko). Hori guztia oso ondo dago, baina ezin ditugu ahaztu programaren helburuak. Printzipioz, trafiko istripuak prebenitzeko programa bat da, eta, beraz, adineko pertsonei zuzenduta dago. Edonola ere, ez dugu ahaztu nahi gure inguruko errealitatea, non adin txikikoak herrietako jaietara joaten diren. Hori ikusita, hainbat aldaketa egin ditugu. Hala eta guztiz ere, badakigu zerbitzuak bilatu gabeko ondorioak ekar ditzakeela, baita programarekiko kontraesankorrak direnak ere.
Adibidez, gerta daiteke jaietarako irteerak areagotzea Jaibus egoteagatik edo erabiltzen duten pertsonen adina oso txikia izatea, eta bi kontu horiek, jakina, talka egiten dute programaren prebentzio helburuekin. Guztiz frogatuta dago adin txikiko pertsonek arrisku handiagoa dutela kontsumo inguruneetan kontsumitzeko, eta zenbat eta kontsumo handiagoa izan, orduan eta arrisku handiagoa dagoela ondorio negatiboak izateko, hala nola istripuak/erorketak, borrokak, zorabioak, koma etilikoak, zurikeriak, mendekotasun arazoak, etab. Zientifikoki frogatuta dago garunaren heldutasun-garapena ez dela amaitzen 23 urte bete arte, gutxi gorabehera, eta, beraz, garrantzitsua da garapen hori babestea eta zaintzea, adin txikiagoan arriskuak areagotu egiten baitira zentzu guztietan (garapena, heltzea, etab.). Gure ustez, gaia familien ardurakoa da, eta familiei dagokigu gure adingabeen osasuna zaintzea. Horrek esan nahi du kontziente izan behar dugula gure seme-alabak parrandara oso gazte doazenean eta askotan joaten badira, askoz arrisku handiagoak dituztela.
Nafarroa osoko profesionalek programa horien arduradun gisa izan dugun azken topaketan ondorioztatu dugu, besteak beste, batzuetan Jaibusa egoteak erraztu egiten duela familia batzuek adingabeei festara joaten uztea, lehen aipatu ditugun arriskuekin. Badakigu batzuetan oso zaila dela familientzat gazteei ezetz esatea, oso tematiak direlako, taldearen presioagatik, Jaibusa segurua dela ulertzen dugulako, etab. Hala ere, ez ginateke koherenteak izango programarekin, horren gaineko neurririk hartuko ez bagenu. Izan ere, galdera hau planteatu behar diogu geure buruari: Zer egiten dute eta zer ari dira ikusten (eta, beraz, normaltzat hartzen) gure seme-alabak Jaibusak herri batean utzi eta bueltakoa hartzen duten arte? Hori da kontua. Egia da ibilbidean ezer ez zaiela gertatuko ziurtaturik daukagula, baina... Zer gertatzen da parrandan ematen duten ordu horietan guztietan? (kontua are larriagoa da 14, 15 edo 16 urte bitarteko adinekoen kasuan). Argi dago ezin dugula beste aldera begiratu.
Horregatik guztiagatik, aurten 16 urtetik beherakoek ezin izango dute Jaibusa erabili, eta, beraz, familiek hartu beharko dituzte beren gain ibilbideak, seme-alabak festetara joan daitezen.
16 eta 18 urte bitarteko gazteek bakarrik egin ditzakete Jaibusen txartelak, eta horretarako familiaren baimena beharko dute.