Bizitzen ari garen egoera hau berria da guztientzat, inor ez da konfinamenduetan aditua eta inork ez daki zehazki zer edo nola egin. Bapateko konfinamendu honek guztiei gainezka egin digu. Inoiz bizitzea espero ez genuen egoera batean gaude.
XXI. mendean gaudelarik, “pantailen konfinamendua” dela esan dezakegu. Pantailek dute protagonismo guztia: harremanetarako, elkarrizketak izateko, aisialdirako, albisteak ikusi eta jasotzeko, ikasketetarako, lana egiteko, bakardadean egoteko, lagunartean sentitzeko, jakin-mina asetzeko, informazioa lortzeko, desinformazioa… Ordenagailutik eta mugikorretik egiten dugu lana, ordenagailuarekin ikasten dute seme-alabek….
A zer zortea pantailekin pasatzea konfinamendu hau! Edo uste duzue telelana egiten ari garenok horiek gabe egiterik izango genukela? Ikasleak irakasleekin konektatuta egoterik izango luketela? Lagunekin? Argi dago erantzuna.
Zentzuz jokatzea da hoberena inposatutako egoera honetan. Zentzuak aukera ematen digu ezbeharren eta larrialdien aurrean iparra ez galtzeko, presak edo beldurrak ez gidatzeko; ez dezagun ahaztu hemen sufrimendua norabide bikoa dela: gure seme-alabentzat eta gurasoentzat.
Nerabeekin tratatzeko formula berririk? Bizi garen emozio hain biziak kudeatzeko modu berririk? Errezeta magikoak egun hauetan larriturik ez sentitzeko? Inposatutako bizikidetza-egoera baten aurrean gaude eta errezeta majikoak ez dira existitzen. Bizikidetza hau eramangarriago egiteko, harreman afektiboak eta lotura positiboa landu beharko ditugu, horrela bizikidetza erlaxatzea, jasangarria eta guztientzat atsegina izatea lortu dezakegu. Ongizate komun bat behar dugu, eta hori da gure helburua; garrantzitsuena denok ondo egotea da.
Hala ere, gatazkak sortuko dira, oraingo egoeran eta edozein egoeran, gatazkak hor daude eta egongo direlako. Baina gatazka hauek benetan garrantzitsuak diren gauzetarako izan daitezela. Energiak dosifikatu ditzagun!
Mugikorrarekin igarotzen duten denbora murriztu behar dugun galdetu baino lehen, kontuz ibili behar dugu. Mugikorrak, orain inoiz baino gehiago, bere kontaktu soziala, komunikatzeko era eta emozioak adierazteko tresna bihurtu baitira. Ez dezagun ahaztu konfinamendu-denbora honetan, helduok ere pantailetatik onura ateratzen ari garela eta nerabeak gugan islatzen direla.
Denbora guztia dugu, ia 24 ordu, sentimenduei buruz hitz egiteko espazioak aurkitzeko aprobetxatu dezakegu. Agian, lehen aldietan, erantzuna monosilabo bat izango da, eta bigarrenean eta hirugarrenean agian baita ere. Agian, "asperturik nago" bati heldu eta haritik tira egin diezaiokegu. Eta agian egunen batean, sentimendu partekatuen esaldi bat aterako da. Ongi etorri pazientzia eta gogoa. Jaume Funesek dioen bezala: maitatuak sentitzeko beharra dute, baina ez dute inoiz adieraziko behar dutenik.
Bizitza eskola bat gara, eta bizitza aldatu egin da. Une historikoa bizitzen ari gara, eta horrek probatu egiten gaitu, muga pertsonalean eta kolektiboan.
Ez diezagun gure semeei eskatu, gu aplikatzeko gai ez garena, eta zurrun eta intransigente bagaude, agian pixka bat askatzea tokatzen zaigu eta zerbaitetaz disfrutatzea. Eta zerbait hori gure seme-alabez gozatzea bada askoz hobe.
Inoiz ez gara nerabeengandik hain hurbil egon, hainbeste denbora eta hainbeste intentsitatez. Egoera honetatik indarberrituta irtetzea da helburua, hurbiltzen gaituena bilatuz, puntu komunak aurkituz.