Bretxa

Gizarte zerbitzuen arreta eta laguntza izatea herritarren eskubidea da. Nafarroan legez bermatua dago. Hainbat dirulaguntza ere; ez guztiak, ordea.

Covid-19 birusak eragindako krisi garai honetan, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan nabarmen igo dira laguntza eskatzeko deiak eta arrazoi eta kontu desberdinengatik, informazio eskaerak. Bulegoak herritarrei itxita egonda eta arreta presentziala egin ezinik, telefonoz eta bideo deien bidez lan egiten jardun dugu. Laguntza hartu emanak ahuldu egin dira, ezinbestekoa zuzeneko kontakturik gabe. Gezurra badirudi ere, iturri desberdinak etengabe informazioa jaurtitzen ari diren momentu  honetan, gehiegi izateagatik ez ote garen desinformatzen ari pentsa dezakegu...

Eskaera egin eta komunikatzeko beharra aseta, askotan tramitea egin beharra dago. Ez beti. Eta bulegoak itxita egonda, tramite horiek modu telematikoan egitera behartuta gaude, bai eskatzaileak eta baita teknikariok ere (bai gu bai administrazioko gainontzeko zerbitzukoetakoak ere). Hau guztia exijentzia oso handiko esperientzia izaten ari da denontzat. Izan ere, herritarrek bere tramiteak modu digitalean egiteko puska handia falta da. Eta administrazioak (jasotzeko) egiteko, ere.
Egia da informatikak eta Internetak gure bizitzak hobetzeko ere balio dutela. Irisgarriagoa egiten dute informazioa, komunikazioak azkartzen dituzte… Sarean ibiltzeko aukera dutenei Internetak aukera asko ematen dizkie. Baina pertsona askorentzat zaila da.

Arrakala digitala. Aspaldian entzuna geneukan hitza krisi egoera honetan areagotu egin da, eta bere ondorioak ikusi ditugu. Herritarrek tresna hauek erosteko apustua, ahalegina edo inbertsioa modu indibidualean egin dezakete, baina gobernuek eta administrazioek ardura handia daukate afera  honetan, bere zerbitzuak, langileak eta tresnak egokitzen. Beren ardurapean hartu beharko lukete ere azpiegituretarako, prestakuntzarako, baliabide  komunitarioak garatzeko (ez bakarrik erabilera propioa edo tresna propioa izatea, zerbitzu publikoetan daudenak gehiago aprobetxatzea ere), eta  zergatik ez, merkatuan erosteko orduan tresna teknologikoak merkeagoak izatea.

Beste funtzio askoren artean, dirulaguntza batzuen tramitea egin eta bideratzeko funtzioa dugu Gizarte Zerbitzuek, eta jendea laguntzen dugu. Ildo honetan, duela egun batzuk estatu espainiarrak dirulaguntza berria onartu du, Gizarte Segurantzan telematikoki edo postaz eskatu beharrekoa: Gutxieneko Diru Sarrera. Berriz ere, pertsona batzuen eskaera: "lagunduko didazu, mesedez, tramiteak egiten?" Jakina, ahal dudan neurrian bai. Gizarte Segurantzak ezagutza digitala ez duten pertsonak laguntzeko ez badu baliabiderik jartzen…

Aitzakia aproposa dugu herritarrek duten premiaren bozgorailu izateko. Orain tramite telematikoak egiteko laguntza izatea bultzatu beharra dago, eta guztion eskubidea da, ez bakarrik gizarte zerbitzuetara jotzen dutenen beharra.