COVID-19ak eragindako osasun krisia dela eta, itxialdian bi hilabete pasa eman genituen. Beldurrez, ezjakintasunez, ziurgabetasunez betetako bi hilabete luze. Bizitzan bezala, egoera honetan ere norberak bere baliabideak, aukerak, ingurukoen laguntza, familia…. izan ditu, gertaerak modu batean edo bestean barneratzeko. Testuinguru horretan gabezia asko izan ditugu, garrantzitsuenak afektiboak: maite eta behar ditugun pertsonekin egoteko aukera ez izatea, ezin lagunak eta familia besarkatu, laguntza eskaini, alboan egon… Etxean ordu asko igarotzeak, kontaktu fisikorik izan gabe, ondorio ugari ekarri ditu eta sozializatzeko beste modu batzuk sortu ditugu. Distantzia fisikoa konpentsatzeko gertu sentitzeko moduak bilatu behar genituen, eta baita aurkitu ere.
Pantailak lehen ilaran jarri dira: telelanean, hezkuntzan, tramite ugaritan, gure lagun eta familiarekin kontaktuan jartzeko, entretenitzeko… Errealitate honetan beste ohitura eta errutina batzuk sortzen joan gara, baina denak ez dira uste bezain osasuntsuak. Hausnarketa honakoa da: sozializatzeko moduak aldatu egin ditugula eta lehen kale eta taberna giroan egiten genituen kontsumoak etxean integratu ditugula (pintxopote birtualak, igandeetako bermuta…).
Ez dira gutxi izan, handik eta hemendik, treguarik gabe, bidali dizkiguten eta guk birbidali ditugun memeak: irrikan nago ateratzeko, munduko garagardo guztia edateko, orain arte edan ezin izan dudan guztia egun batean hartzeko. Beti ere umore puntu horrekin, baina premiazko nabardura batekin, beharrarekin, lehentasunarekin eta, noski, alkohola lehen lerroan eta, gure ustez, neurriz kanpoko balioa emanez.
Osasun arloko eta arlo sozialetako profesionalek uste dute isolamendu garaian egin ditugun kontsumoak kezkagarriak izan daitezkeela, batetik, nahi gabe eta zentzurik gabeko modu batean geureganatzen badugu etxe barneko kontsumo hori, eta, bestetik, tabernetan eta jatetxeak bezalako beste foroetan egiten dugun sozializazio kontsumoa mantentzen badugu.
Horrek agerian uzten duena ez da berria, beharbada beste dimentsio bat eman zaio, baina, funtsean, alkohol kontsumoaren normalizazioaren pertzepzioa dago. Eta horrek kezkatzen gaitu, noski. Zergatik? Alkohola da gizartean arazo gehien sortzen duen droga. Azken datuen arabera, Nafarroan mendekotasun handiena sortzen duen sustantzia da.
Horregatik guztiagatik komenigarria litzateke alkoholarekin daukagun harremanaren inguruko hausnarketa egitea, eta, pasatu duguna pasatuta, argi izatea garrantzitsuena ez dela pote bat hartzeko aukera ez izatea, garrantzitsuena maite ditugun pertsonekin egon ezin izatea da. Eman diezaiegun bere lekua ohitura osasuntsuei. Orain inoiz baino gehiago “gure burua zainduz, besteak zaintzen ditugu” leloa gurea egin dezagun, eta zabal dezagun mezu hori ingurukoen artean.