Konfinamenduaren irteeratik eta "normaltasun" berri honetan, gazteekiko dagoen ikuspegia: arduragabeak, berekoiak, kutsatzaileak, botiloia egiten dute, arauak ez dituzte betetzen….
Kanpaina asko gazteei zuzenduta egon dira, beraien arduragabekeria erakutsi nahian.
Beste behin ere, batzuek egiten dutena orokortzen da, jakinda ez dutela guztiek egiten eta, bestalde, gazteengan bakarrik ikusten da helduok ere egiten duguna.
Javier Segura del Pozo epidemiologo eta medikuntza komunitarioko adituaren artikulu bat irakurri dut duela gutxi. Berak dioenez, "jendearekin harremana izateko moduek arriskuak dakartzate gazte eta helduentzat, eta aisialdiarekin eta familia giroarekin zerikusia duten egoeren bidez kutsatzen dira. Garrantzitsua da jakitea eta ez pentsatzea, kutsatze-datuak ematen dizkigutenean, gehiegizkoak direla ".
Baina, era berean, egin beharko genukeena aipatzen du: pedagogian gehiago inbertitu beharko genuke, hau da, botiloiari errua bota beharrean, aisialdirako alternatibak eman beharko genituzke.
Guztioi gertatuko litzaigukeen moduan, etengabe salatzen bazaituzte eta ia kutsatze gehienen erantzulea zarela ikusarazten badizute, logikoa denez, erantzuna modu defentsiboan jartzea da. Gainera, aisialdirako espazioak ixten badizkiegu, hala nola, kirol espazioak, igerilekuak, parkeak eta abar, aisialdirako aukerak ixten ari gatzaizkie, eta, nolabait, helduek duten aisira eramaten ditugu, askotan edariarena, alegia.
Ez litzateke bidezkoa izango esatea heldu guztiek kontsumoari bideratutako aisia dutela, baina, agian, pentsatu behar dugu zer aisia dugun gutako bakoitzak, gero hausnartzeko zer aisialdi eredu ematen dizkiegun geureei.
Garrantzitsua da jarraibide argiak eta alternatiboak ematea, gauzak ondo egiteko kezkatuta dauden gazteei jarduteko aukera emateko. Botiloi eta COVID-19ri buruz hitz egiten badugu, arazoa da, alkohol kontsumoarekin lotutako arazo ezagunez gain, ez direla erne ibiltzen eta ez dituztela distantziak mantentzen eta edaria pasatzen dutela; baina okerragoa izango litzateke espazio itxi txikietara eramatea, adibidez, etxeetan edo bajeretan. Gazte batzuek botiloia egiten dute, baina ez dira guztiak.
Gazte batzuk kezkatzen dira, eta, agian, mezu positiboetan inplikatu beharko genituzke gazteak, eta ondo egiten dutena baloratu.
Ikusi besterik ez dugu egin behar, Sakanako ia herri guztietan gure gazte asko antolatu eta eskaini direla konfinamenduak iraun bitartean elkarri laguntzeko.
Agian, kriminalizatu beharrean, adibideak eman beharko genituzke, eta pentsatu zer aukera dituzten, bai aisialdikoak, bai ziurrenik eragiten dien beste maila batzuetakoak, lanaren, etxebizitzaren eta abarren arlokoak.