Altsasu, Etxarri Aranatz eta Irurtzungo eskualdeetako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateetako Prebentzio eta familia programak egindako egutegia aurkezten dizuegu oraingoan.
Sentsibilizazio kanpaina izanik, egutegi formatuarekin zuzenduko gara oraingoan hiru eskualdeetako familiengana. Hain zuzen, adin jakin batzuetako haurrak eta gaztetxoak diren seme-alabak dituzten familiengana.
Prebentzioa eta familia programetatik urteak daramatzagu familiekin lanean, beraien seme-alaben heziketaren inguruan eta baita guraso bezala hain garrantzitsua den osasun emozionala landuz. Kanpaina honekin, familian osasun emozionala garatzeko mesedegarriak diren alderdiak transmititzea izan dugu helburuetariko bat.
Sentsibilizazio kanpainei esker, ikaskuntza sakonago batera garamatzaten galderak egin ditzakegu. Horregatik egutegian agertzen diren ideietatik batzuk, zuzenean galdera moduan jarri ditugu.
Egutegiak markatzen dituen hamabi orrietan –hilabete bakoitzeko orri bat–, hamabi ideia luzatu nahi izan ditugu. Hausnarketarako tresna da egutegi hau. Norberak ideiak irakurtzerakoan, hausnarketa propioa egitera bultzatzen gaituen tresna hain zuzen ere.
Bestalde, norberaren ongizatera iristeko, egin beharrekoa edo gure partetik jarri beharrekoa ere ikustarazi nahi izan dugu. Gauzak ez baitira bat-batean edo zoriaren eraginez gertatzen, bakoitzaren esku hartzea dago gauza guztietan, eta horretaz kontzientzia hartzea ezinbestekoa dela azpimarratu nahi izan dugu. Ideia hau, "proaktibitatea"-rena alegia, gaur egungo egoeran inoiz baino gehiago behar dugun ideia da. Beti garrantzitsua bada ere, momentu larrietan areagotzen den gauza da: gauzak nire kabuz gertatzea, bakoitzak bere ongizate emozionala sortzea.
Helburua beti ahalik eta hoberen egotea da. Kanpo eraginak daudela jakinda, norberaren esku dagoen guztia egitean, geure ongizate emozionalaren sortzaile bihurtzen gara. Familia guztiarentzako baliagarriak diren ideiak agertuko dira, gurasoentzako eta baita seme-alabentzako ere.
Banaketa posta bidez egingo dugu. Beraz, etxeetara egutegia iritsiko zaie zonaldeko familia askori.