Osasun Departamentuak 2019an ateratako kanpaina abian jarri du berriro kanabisaren kontsumoaren gaineko eztabaida soziala sustatzeko. Kanpainak Kalamuak zure garunari eragiten dio. Ongi pentsatu duzu? leloa du.
Kanpainak, biztanleria gazteari zein helduari proposatu nahi dio kanabisaren kontsumoaren normalizazio sozialari buruzko hausnarketa egiteko; batez ere, adingabeen eta gazteen osasunean dituen arriskuak gogorarazten ditu. Kanabisa zerbait naturala eta kaltegabea bezala ikusten eta kontsumitzen dela dio kanpainak, baina errealitatea beste bat dela; “droga ilegala da eta osasunerako arriskuak ditu”.
Estatu mailan, urtero egiten den kontsumoen inguruko Estudes inkestaren azken datuen arabera, kanabisaren presentzia eta kontsumoa normalizatu egin da, eta Nafarroan kontsumoak goraka egin du azken urte hauetan, gutxi bada ere. Estatu mailan datuak konparatzen baditugu, altuxeagoak dira.
Esan ohi da kanabisa nerabeen garunaren etsairik okerrena izan daitekeela. Arrazoia? Kanabisak eragin handiagoa du nerabeengan helduengan baino, haien garuna prestakuntza betean baitago eta ez delako 22 urte bete arte garatuko. Azken ikerketen arabera, garai horretan nerabeak bereziki kalteberak dira kanabisaren ondorioetarako. Nahiz eta epe motzean nolabaiteko euforia sortu, ohikoa da kanabisarekin konzentrazioan, memorian, pentsamenduan eta arretan ondorioak izatea. Antsietatea eta interes falta ere sor dezake ikasketetan eta harremanetan, eta ohiko kontsumoa bada, adikzio arriskua ere badago.
Azaldutako guztiagatik adi egon behar dugu, eta nahiz eta kanabisaren kontsumoa gure gizartean zabaldua eta normalizatua egon, arriskuak hor daudela beti presente izan.
Behar beharrezkoa ikusten dugu kontsumoaren inguruan eztabaida soziala sustatzea. Batzuetan, helduek kontsumoa banalizatzen dugu eta horrek kontraesanak sortzen ditu nerabeengan eta arriskuak hartzera bultzatzen ditu. Batetik, legalizazioaren aldeko mugimenduak, eta bestetik, arlo terapeutikoan erabiltzearen onurak, guztiz nahasten dituzte nerabeak. Hain da horrela, askok legala dela eta bere erabilerak ez duela inongo isunik ezta osasunerako eraginik ere diotela. Hau gutxi ez balitz, beste faktore bat sartzen da desinformazio hori gehitzen duena: landare bat denez, naturala denez, ez duela izango inongo arriskurik pentsatzea. Naturala da bai, landarea ere, baina landare horren osagaiak, THC izenekoak, efektuak eragiten ditu eta droga baten ezaugarri guztiak betetzen ditu.
Prebentzio aldetik, beraz, bidali behar dugun mezua sendoa da: porroen kontsumo goiztiarrak sortzen dituen arriskuekin kontziente izan behar garela. Horregatik, kontuan hartuz kontsumo guztiek arriskuak dituztela... Zenbat eta beranduago eta zenbat eta gutxiago HOBETO.