Osasun Ministerioak eta Drogei buruzko Plan Nazionalak El impacto de la pandemia en el patrón de consumo de drogas y otros comportamientos con perfil adictivo izeneko inkesta egin zuen 2020ko azaroaren eta abenduaren artean, eta inkesta horretatik guretzat baliagarriak izan daitezkeen hainbat ondorio atera ditzakegu. Azterketa hori estatu mailan egin zen eta datuak ez daude autonomia erkidegoen arabera bereizita, baina asko lagundu diezaguke joera zein den ikusten.
Hona hemen ondorio esanguratsuenetako batzuk:
- 15 eta 64 urte bitarteko pertsonei dagokienez, argi ikusi da pandemian edari alkoholdunen kontsumoak behera egin duela bi sexuetan eta adin talde guztietan. Edari alkoholdunen kontsumoa handiagoa da gizonen artean, eta eguneroko kontsumoak nabarmen egiten du gora inkestatutako pertsonen adinak gora egin ahala.
- Pandemia bitartean, alkoholaren kontsumo intentsiboak behera egin du bi sexuetan, adin talde guztietan, batez ere 25 urtetik beherakoen artean. Bestalde, 15 eta 64 urte bitarteko biztanleen %16k alkoholaren kontsumo arriskutsu bat egin zuen, eta handiagoa izan zen gizonen artean emakumeen artean baino.
- Tabakoaren kontsumoak behera egin du pandemiaren aurretik egindako kontsumoarekin alderatuta, eta handiagoa da 25 urtetik beherako eta 54 urtetik gorako emakumeen artean.
Zigarro elektronikoen kontsumoak behera egin du bi sexuetan eta adin guztietan, eta beherakada hori handiagoa izan da gazteenen artean. - Errezetarik gabeko hipnosedatzaileen kontsumoari dagokionez (somniferoak eta lasaigarriak), ikusi da kontsumo horrek gora egin duela pandemian. Gorakada hori adin talde guztietan eta bi sexuetan gertatu da, baina, bereziki, emakumeen artean (emakumeak dira substantzia horiek gehien kontsumitzen dituztenak).
- Cannabisari dagokionez, argi ikusten da kontsumoak behera egin duela, bai bi sexuetan, bai adin talde guztietan, eta batez ere 25 urtetik beherakoen artean.
- Pandemian kokaina gutxiago kontsumitu dela ere ikusi da.
- Herritar gehienek dibertsioz erabiltzen dute Internet, bai pandemiaren aurretik, bai pandemiaren garaian. Patroiari dagokionez, ez dago sexuen eta adinaren araberako alderik, 59 urtetik gorakoen kasuan izan ezik, horietan erabilera zertxobait jaitsi baita. Dena den, nabarmen egin du gora jendeak Interneten pasatzen duen ordu kopurua: pandemia baino lehen, jendeak, batez beste, 2,5 ordu pasatzen zituen, eta pandemia bitartean, berriz, 3,5 ordu inguru egon da ordenagailuaren aurrean.
- Apustu etxeetan emandako denborari dagokionez, prebalentziak behera egin du. Handiagoa da gizonengan eta 25 urtetik beherakoengan. Hala ere, online bidezko apustuei dagokienez, ez dago alde nabarmenik pandemiaren aurretik eta pandemia bitartean, eta prebalentzia handiagoa da gizonetan eta 25 urtetik beherakoetan.
Oro har, esan dezakegu behera egin duela substantzien kontsumoak; izan ere, joera hori logikoa da, gaueko aisialdirako guneak itxi edo debekatu baitira, eta horietan, hain zuzen, ematen da kontsumorik handiena. Aipatzekoa da handitu egin dela hipnosedatzaileen kontsumoa (somniferoak eta lasaigarriak). Horrek esan nahi du pandemia egoera bereziki emakumeei eragiten ari zaiela, eta ez, hain zuzen, aisialdi guneetan, baizik eta, segur aski, pandemiak larriagotutako eguneroko egoera zailei aurre egiteko orduan.
Aipagarria da, halaber, Interneten aisialdian ematen ditugun orduen gorakada, pandemiaren aurretik ematen genituenen aldean.
Halaber, edari alkoholdunen kontsumoa murriztu bada ere, kontsumoa 45 eta 54 urte bitarteko gizonen artean jaitsi da gutxien. Azkenik, eta proposamen gisa, ulertu behar da nerabeek berdinekin harremanak izateko behar handia izaten dutela etapa horretan, eta, beraz, garrantzitsua litzateke aisialdirako espazio seguruak prestatzea, gaztetxoek behar hori asetu ahal dezaten.