Nafarroan gero eta gehiago kontsumitzen da alkohola, eta gero eta gazteago hasten da edaten. Nafarroako nerabeen erdia baino gehiago mozkortu dira azken urtean eta 13,6 urterekin hasten da alkohola edaten. Datu kezkagarriak, arlo ezberdinetan beti ondorio negatiboak dituztenak: familian, gizartean, heziketan, lanbidean eta ekonomian.
Horiek dira Espainiako Bigarren Hezkuntzako Drogen Erabilerari buruzko XIV. Inkestatik (Estudes 2021) Osasun Ministerioak emandako emaitza nagusietako batzuk. Nafarroako 17 ikastetxetako 824 ikaslek hartu dute parte. Ikerketa honen arabera, Nafarroa Estatu osoko alkohol kontsumoaren eta mozkorraldien liderra da berriro.
Bingedrinkingean ere, Nafarroa Estatuko bigarren erkidegoa da. Honetaz askotan hitz egin dugu eta gure kezka azaldu ere Prebentzio Programetan. Bingedrinkina, betidanik, “atrakoia” deitu dioguna da. Hau da, kopuru handiak edatea oso denbora laburrean. Praktika honek kontsumo ohituren aldaketa eragin du eta oso hedatuta dago gure erkidegoan, pandemiak indartu du gainera.
Inkestak beste datu kezkagarri batean jartzen du atentzioa; gazteen kontsumoa genero ikuspegitik. Aldaketa izugarria eman da azken urteotan eta esan dezakegu generoari dagokionez, kontsumoa handiagoa izan dela alderdi gehienetan emakumeen kasuan. Emakumeek gizonek baino maizago probatu dute alkohola, eta gehiegizko kontsumoak ugariago egin dituzte 14 eta 17 urte bitarteko adin taldean.
Honek guztiak hausnarketa soziala eskatzen du nahi eta nahiez. Alkohola oso barneratuta dago gure gizartean, eta haren kontsumoa normala dela ikusten dugu; horrek, aldi berean, kontsumoen arriskuak minimizatzen ditu. Alkoholaren irudi onak eta jaiarekin eta dibertsioarekin duen loturak, pertzepzio positibo bat sortzen du eta horretan hezten ari dira gure nerabeak.
Bestalde, pertzepzio horren ondorioz, nerabeen alkohol kontsumoa eta gehiegizko kontsumoa ere normaltasun batean barneratzen ari gara helduok, eta onartu egiten dugu nerabeek edan egin behar dutela, gehienok egiten baitute. Arriskutsua den praktika bat onartu dugu inongo hausnarketa egin gabe. Zergatik? Ez dugulako barneratzen, oraindik ere, alkohola droga bat dela. Gauzak aldatzen dira kontsumoa kanabisarena denean, orduan bai kezkatzen gara eta ez gara konturatzen, askotan, alkoholaren kontsumoak kanabisaren kontsumora eraman ditzakeela. Honekin ez gaude ados, baina ez gara konturatzen kontsumoaren banalizazioa guk adostu dugula; Gizarte bezala, ezer esan gabe eta, aldi berean, horregatik guztiagatik, dena esaten. Helduon eredua, nerabeen ikasgaia.