Azken urteotan teknologia oinarrizko baliabide bihurtu da eguneroko bizitzarako, komunikazioa, ikaskuntza, entretenimendua eta abarrak garatuz eta erraztuz. Espainiako Estatistika Institutu Nazionalak (INE) dio 10-15 urte bitarteko haur eta nerabeen %94,5 Interneten erabiltzaileak direla.
Internetek, modu estentsibo batean erabilita, jokabide edota ohitura berriak sor ditzake, familietan eta hezkuntza zentroetan kezka sorrarazten dutenak; izan ere, nahiz eta teknologiek onurak izan badituzten, arriskuak ere bai, hala nola, teknoadikzioa. Adikzio mota honekin, pertsonek teknologia bizitza egituratzeko ardatz bihurtzen dute, etengabe erabiliz (gogobetetasun maila egokia lortzeko edo tolerantzia). Ezinegona sentituko lukete erabili ezean (abstinentzia sindromea). Bi kontzeptu hauek dira teknoadikzioaren dimentsio nagusienak.
Internetarekiko adikzioa teknoadikzio mota bat bezala dago definitua. Espainiar estatuan nerabeen %21,3 Internetarekiko adikzio arriskuan daude. Nerabeekin egin berri den beste ikerketa batek nabarmentzen duenez, ikasleen ia erdiak ez dituzte teknologiak modu aproposean erabiltzen edo gehiegi erabiltzen dituzte, autoestimuan, osasun mentalean, presio estetikoan, antsietatean, sozializazioan, ziberbullying-ean, nekean edota ongizate emozionalean eragin negatiboak sortuz. Teknoadikzioaren ondorioz, eragin negatiboak lau alderditan banatu daitezke: eragin fisiologikoak, emozionalak, sozialak eta akademikoak.
Nahiz eta teknoadikzioak eragina edozein pertsonarengan izan dezakeen, nerabeak dira arrisku gehien duten biztanleak. Honen aurrean, beraz, beharrezkoa izango da baliabide digitalekiko eta gailuekiko kontsumo arduratsua sustatzea, praktika onak eskaini eta konpromisoak hartuz.