Otsaila da, eta hiru Jaibus eskaini ditugu dagoeneko. Argi dago gero eta eskaera gehiago daudela Jaibusa gure inguruko jaietako larunbatetan jartzeko. Segurtasuna bilatu behar da jaietan eta, batez ere, itzuleretan, etxera ongi itzultzeko. Jaibusak behar hori betetzen du, eta, beraz, helburuak betetzen ditu. Jaibus programa jaiegunetan gerta daitezkeen istripuak murrizteko beharretik sortzen da, kontsumoak eta autoak oso binomio arriskutsua osatzen baitute.
Dena den, ezin dugu ahaztu istripu baten arriskuaz gain, familia gisa kontuan hartu beharreko beste arrisku batzuk ere badaudela gure seme-alabak irteten direnean. Horrela jakinarazten diegu 16 eta 18 urte bitarteko gazteentzat familia karneta edo baimena egitera datozen familia guztiei (16 urtetik beherakoek ezin baitute Jaibusa erabili).
Ezin dugu ahaztu familiak garela gure adin txikikoen arduradunak eta, bide batez, ereduak.
Jakina da gure inguruan ikusten duguna normalizatu egiten dugula. Gure adin txikikoak festaren bat dagoen aldiro ordu txikiak arte egoten badira beti, ziur aski, beraiek baino zaharragoak diren pertsonengan oso gomendagarriak ez diren jarrerak-eta ikusiko dituztela, horrek dakarren normalizatzeko arriskuarekin. Hori guztia kontuan izatea garrantzitsua iruditzen zaigu.
Beste alde batetik, Prenbentziotik eman dezakegun beste aholku bat da adin txikikoek argi eduki behar dutela euren zain gaudela edo iristen direnean abisatu behar digutela. Horrela ikus dezakegu "nola" iristen diren etxera. Baldin badakite gurasoen "kontrola edo kezka" dagoela, ziur aski kontuan izango dute eta horren arabera jokatuko dute.
Beraiek jakin behar dute haietaz kezkatzen garela, eta beraien alde jokatzen dugula. Adin txikikoengan deserosoa izan daiteke momentuan, baina epe luzean positiboa izanen da eta lotura sortuko du.
Azkenik esan behar dugu etxera iristen direnean ez dela eztabaidan sartzeko momenturik egokiena, eztabaida sortzeko egoera sortu bada, behintzat. Hobe da ongi deskantsatzea eta hurrengo egunean une lasaiago batean elkarrizketa sortzea.
Gure seme-alaba nerabeek maitatzen ditugula sentitu behar dute eta, bide batez, euren burua zaintzen ikasi behar dute. Lagundu behar diegu, negoziatuz eta denok beteko ditugun akordioetara iritsiz.