Orokorrean pertsona guztiei mugak jartzea zaila egiten zaigu, zailtasunak ditugu esparru honetan. Ez gara eroso sentitzen ondokoari ezezkoa eta "honaino" esan behar diogunean, edo egiten ditugun askotan ez dugu modu egokian egiten. Gure bizitzako esparru eta harreman guztietan agerian jartzen da gai hori. Seme-alabekin, bikotearekin, senideekin, lagunekin edo lan munduko pertsonekin gertatzen zaigu zailtasun hori.
Pertsona batzuk autoritarioagoak (nik esaten dudalako, zure ama-aita naizelako… eta horrelako mezuak erabiliz) eta beste batzuk permisiboagoak izan ohi gara. Gure joera alde batera edo bestera gehiago joaten den arren, denok erabiltzen ditugu bi estiloak, maiztasun edo intentsitate handiagoarekin edo txikiagoarekin. Zenbat kostatzen zaigun mugak jartzea!
Oro har, bi modutan jokatu ohi dugu: gure gurasoek egin dutena errepikatuz, edo, kontrako leku batean kokatuz, jasotakoaren zuzeneko erreakzio gisa, "ez dut gurasoek egin zidatena egingo".
Mugak jartzearen inguruan entzuten dugunean, besteei mugak jartzean pentsatu ohi dugu. Baina bada ere norberari, bakoitzak bere buruari, mugak jartzearen beharra. Norberarekin egiten ez duguna, besteekin egiteko ez gara gai izango; beste modu batera esanda, geure buruarekin praktikatuz ikasi dezakegu besteekin erabiltzen.
Gure pentsamenduei, sentipenei, ekintzei, hitzei eta abarrei mugak ezartzeko zailtasunak izan ohi ditugu; adibidez, gelditzea edo atseden hartzea komeni zaigula jakinda ere, ekintzan jarraitzen dugu askotan. Horrek prezio bat izango du norberarengan, beharrak ez direlako orekan egongo eta ondorioz gure harremanetan eragina izango duelako.
Mugen inguruan gehiago hausnartzea gomendagarria da, bakoitza non eta nola kokatzen den ohartzeko. Mugen inguruan garrantzitsua da jakitea: nire mugek, nire premiak zaintzeaz gain, besteei segurtasuna eta babesa transmititzen dietela eta ezetz esaten dugun aldiro, beste zerbaiti bai esaten ari gatzaizkiola.