Edari energetikoak nekearen aurkako sendabide gisa sortzen dira. Horren ondorioz, gero eta gehiago kontsumitzen dira azken urteetan, nerabeen/gaztetxoen artean bereziki.
Edari estimulatzaileak dira. Kafeina, taurina, gluronolaktona,
L- karnitina eta azukre pila bat dute. Ondorioz, gure osasunerako arriskuak dituzte, aurrerago azalduko dugun bezala.
Azken ikerketetan adituek kontsumitzeko adinean hasiera goiztiarra antzeman dute, hainbat faktoreri lotuta. Salmenta ez dago araututa, eta, gainera, edarien edo freskagarrien ondoan jartzen dituzte. Beste faktore bat edari arriskutsu edo arriskutsutzat ez etiketatzea da. Gero eta gazte gehiagok edaten dituzte halako edariak, eta horrek kezka sortzen du, edari hauen arriskua ez delako hautematen.
Edari horiek askotan edari isotonikoekin nahasten dira, hau da, gatzak berreskuratzeko eta nekea saihesteko kirolarekin lotura handiagoa duten edariekin. Beraz, garrantzitsua da bereiztea.
Edari energetikoak edatearen arrisku nagusiak, batez ere adin txikiko eta nerabeetan, honako hauek dira: maila fisiologikoan, takikardia, tentsio arteriala handitzea eta arritmiak; maila neurologikoan, insomnioa, suminkortasuna, estresa eta antsietatea eragin ditzake. Gainera, oraindik aztertzeko daude edari horien kontsumoak epe luzera izango dituen ondorioak.
Munduko Osasun Erakundearen arabera edari horiek obesitate arriskua dute, azukre asko dutelako, batez ere sedentarismoarekin batera badoa. Horri gehitu behar zaio bere kontsumoa erregularra bada, eta batez ere nerabe edo gazteetan, mendekotasun fisikoa eta tolerantzia eragin ditzakeela, gehiago kontsumitzeko beharra sortuz.
Bereziki kezkagarria da edari energetiko horiek edari alkoholdunekin konbinatzea. Nahasketa horrek berekin dakar alkohol gehiago edatea eta irensketa luzatzea; izan ere, loaren sentsazioa murrizten du eta gaua luzatzeko aukera ematen du. Horren ondorioz, "Mozkorraldi esna" egoera sortzen da, eta osasunean kalteak luzatu eta areagotu egiten dira.