Zaintza onak familian Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako Prebentzio eta familia programek urte hasieran egiten dugun familientzako sentsibilizazio kanpaina bat da. Egutegi formatua du eta Lehen Hezkuntzan seme-alabak dituzten familia guztiei etxera bidaltzen diegu; hain zuzen, 6 eta 11 urte bitarteko seme-alabak dituzuen familiengana. Kanpaina honekin, familian osasun emozionala garatzeko mesedegarriak diren alderdiak transmititzea izan dugu helburuetariko bat.
Egutegiak markatzen dituen hamabi orrietan, hamabi ideia luzatu nahi izan ditugu. Hausnarketarako tresna da egutegi hau. Gurasoentzako lagungarria eta familiaren harremanetan onuragarri izatea nahi dugu. Irakurri, hausnartu eta egutegian agertzen diren ideiak praktikan jartzera gonbidatzen duena.
Egutegian agertzen diren ideiak:
- Seme-alabak baikortasunez begiratzen baditugu, nolabaiteko kidetasun sentimendua sortuko da, loturak eraikitzeko lagungarria.
- Gure seme-alaben lagunak bagara, umezurtz utziko ditugu. Haien gurasoak izan gaitezen behar dute, ez besterik.
- Entzutea da gure seme edo alabak bizi duenari protagonismoa ematea. Laguntzeko modurik onena da arretaz egitea, epairik edo baloraziorik gabe.
- Gure seme-alaben hezkuntzari dagokionez, arauak eta mugak gurasoek edo tutoreek jarri behar dituzte, eta ez euren lagunen familiek.
- Zenbat eta hobea izan etxean bizi garenon arteko harremana, orduan eta konfiantza handiagoa izango dute beren buruarengan, eta autoestimu hobea izango dute.
- Seme-alabengan gure beldurrak edo bizipen negatiboak proiektatzen baditugu, ez diegu utziko haien nortasuna gara dezaten.
- Familian lantzen ez ditugun gai guztiak beste toki batzuetan ikasiko dituzte, eta baliteke modu egokienean ez izatea. Ziurta dezagun gurekin ikasiko dituztela.
- Mugak jartzerakoan, maitasunez eta haserrerik gabe jartzea komeni da.
- Onar ditzagun gure seme-alaben emozioak epaitu gabe. Onartzeak ez du esan nahi ados gaudenik.
- Gure seme-alaben hezkuntzan egin dezakegun inbertsiorik onena familian denbora pasatzea da. Familiari eskaintzen diogun denborak bere emaitzak ekarriko ditu etorkizunean.
- Saia gaitezen zubiak eraikitzen harresiak eraiki ordez gure seme-alabak hezterakoan. Erraztasunak ematea, eta oztoporik ez jartzea.
- Egiten ari diren horretan gure seme-alabei indarra ematen diegunean, haien gaitasuna aitortzen ari gatzaizkie.