Gaurkoan, kannabisaren edo kalamuaren inguruan hausnarketa piztu nahi dugu, eta horrekin batera, gizartean eztabaida sustatu.
Kalamua legez kanpoko substantzia bada ere, Nafarroan gehien kontsumitzen den substantzia da, batez ere 15 eta 24 urte bitarteko gazteen artean. Herri-kulturak eta, batzuetan, komunikabideek, konnotazio positiboz betetako substantzia bihurtzen dute kalamua. Haien esanetan, produktu naturala da, eta, beraz, ez du kalterik egiten, ez du dependentzia sortzen, jaiez eta lagunez gehiago gozatzeko aukera ematen du, tabakoa edo alkohola kalamua baino kaltegarriagoak dira, ez da droga bat…
Ondorioz, iritzi publikotik harago doan informazioa, batez ere gazteei dagokiena, nahastuta agertzen da eta ez ditu kontsumoarekin lotutako arriskuak nabarmentzen. Dudarik gabe, arazorik handienetako bat izan da beti landare honen inguruan izan den desinformazioa.
Askotan entzun izan dugu "kalamua produktu naturala da, beraz ez da arriskutsua". Ez nahastu! Kalamua landare batetik ateratzeak ez du esan nahi kalteak eragiteko gai ez denik, berez kaltegarria izan daiteke eta.
Oso barneratuta dugun beste ideia bat: "Kalamuak efektu terapeutikoak ditu, gaixotasunak senda ditzake". Kalamu medizinala ez da edonorentzat, eta medikuak zorrotz kontrolatuta kontsumitzen da. Nolanahi ere, "sendatzen ez duten" botikak sintomak arintzeko baino ez dira.
Badago beste aurreiritzi bat: "kalamuak ez du eraginik gazteen garunean". Kalamuaren kontsumoak garunaren garapena aldatzen du eta nahasteak eragiten ditu animoan, memorian, arretan eta ikasteko gaitasunean. Gainera, antsietatea eragin dezake, bereziki nahasteak izateko joera duten pertsonengan, eta bolada txarra pasatzen ari diren pertsonengan.
Askotan entzuten dugu hurrengo mitoa ere: "Kalamua nahi dudanean utzi dezaket; ez du dependentziarik sortzen". Guk, aldiz, ikusten duguna da pertsona batzuek zailtasunak dituztela kontsumo hori uzteko. Are gehiago, kontsumoa 18 urte bete baino lehen hasten bada. Ikerketek diote seitik batek adikzioa izango duela. Hau da, gaizki ez egoteko kontsumitu beharra daukagunean.
Eta azken mito honetan dagoen errealitate krudela; ondo egoteko beharrean, gaizki ez egoteko kontsumitzen dugunean. Hau da, ez dugu plazera bilatzen, gaizki egote hori baretzea baizik.
Horregatik guztiagatik diogu kontsumo guztiek arriskuak dituztela eta hala eta guztiz ere, kontsumitzea erabaki baldin baduzu, zenbat eta beranduago hasi eta zenbat eta gutxiago kontsumitu, orduan eta hobeto.