"Ohi dena edatea gehiegi izan daiteke" da Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak egindako azken kanpaina, eta helburua du alkoholaren kontsumoari buruz hausnartzea eta kontsumo eredu hori normaltzat jo ote daitekeen argitzea.
Kanpaina horren harira, gai bereko hainbat artikulu iritsi zaizkigu, esate baterako, alkoholaren eremu grisari buruz hitz egiten duena: "ohi dena edatea” arazo bat denean. Alkohol kontsumoari buruzko inkestetan emaitza txarrenak ematen dituen erkidegoa gurea dela kontuan hartuta, garrantzitsua iruditzen zaigu aztertzea gutako bakoitzak zer kontsumo egiten duen eta zer harreman dugun alkoholarekin, gure kulturak oso lotura estua baitu alkoholaren kontsumoarekin (kañak, ardoa, sagardoa, konbinatuak, txupitoak...).
Artikulu horietako batean, hainbat esperientzia azaltzen ziren, eta, horietan, gure ustez, sakandar askok ikus dezakete euren burua islatuta...
"Astegunetan ez duzu edaten, baina ostiralean lanetik atera eta ohikoena izaten da kaña pare bat edatea. Larunbatean, lagunekin geratzen zara bermuta hartzeko. Jarraian, bazkaltzera joan eta botila erdi bat ardo edaten duzu, eta bazkaria bukatzeko, gin tonic bat... Horri gehitu behar zaizkio egun seinalatuetan egiten dituzun kontsumoak, hala nola egun txarra izan duzulako hartzen dituzun garagardoak, edota zerbait ospatu nahi duzunean edaten duzun ardoa, edo bikotekidearengatik banandu zarelako egiten duzun gehiegizko kontsumoa“.
"Goizeko 10:00etan, lehenengo kaña hartzen duzu hamarretako ogitartekoarekin, eta gero beste hiru musean aritzen zaren bitartean... ia 50 urte dituzu eta konturatu gabe astean sei edo zazpi kaña edaten dituzu. Ez zara mozkortzen, ez zaizu ezer larririk gertatzen, zure kuadrillan ohikoa da, baina horretan pentsatzen hasi eta gehiegikeria dela ohartzen zara“.
Oihan Iturbide zientzia dibulgatzaileak alkoholarekin dugun harremana zalantzan jartzeko galdera batzuk proposatzen ditu artikuluan.
Zer esan nahi du ohi dena edateak? Kontsumoa oso normalizatua dago, eta horregatik, gomendagarria litzateke pentsatzea alkoholak nola eragiten duen zure bizitzan eta zure erabakietan. Zure lagunak aukeratu ditu? Askotan egon da presente zure sexu harremanetan? Atsegin dituzun gauzak egiteari uzten diozu ajea duzulako? Mozkortu al zara inoiz zure seme-alaben edo zure nagusiaren aurrean? Mozkortuko zinateke haien aurrean? Jakingo zenuke kalkulatzen zenbat edaten duzun edo zenbat diru gastatzen duzun alkoholean?
Kontsumituko zenuke minbizia izateko arriskua areagotzen duen drogaren bat? Munduko Osasun Erakundearen arabera, alkohola 200 gaixotasunen eta nahasmenduren kausa-faktorea da, eta urtero hiru milioi heriotza eragiten ditu.
Egon zara inoiz hilabete baino gehiago edan gabe (medikuak agindu gabe)? Pentsatu beharko genuke alkoholaren kontsumoa 14 urterekin normalizatzen badugu eta bi, hiru edo lau hamarkada badaramatzagu asteburu guztietan edaten... Edanda zaudela autoa hartzen baduzu, horrek dakarren arriskuarekin, nahiz eta gaur ez dut edango esan, azkenean edaten baduzu... agian ez zara alkoholikoa izango, baina arazo bat duzu.
Imajinatu dezakezu parranda egitea alkoholik edan gabe? "Edatea oso aspergarria da baldin eta nahitaez egin behar bada" esaldi horrek pentsaraz diezaguke ez garela hain askeak. Ausartuko al zara denboraldi batean alkohola edateari uztera?
Haserretuko zinateke alkoholak tabakoak bezalako osasun ohartarazpenak eramango balitu?Alkoholaren kontsumoak dituen arriskuez ohartarazi beharko ligukete (ez soilik alkoholismo arazoa dagoenean), gainerako substantziekin egiten duten bezala.
Molestatzen zaitu gehiegi edaten duzula esateak? Nola ikusten duzu zuri buruz esatea alkoholaren ohiko kontsumitzailea zarela? Gustatzen zaizu, deseroso sentiarazten zaitu... Hala ere, egunero zurito bat edaten baduzu, ohiko kontsumitzailea zara.
Zer pentsatzen duzu norbaitek edaten ez duela esaten dizunean? Bob Pop idazleak alkohol kontsumoari buruz egindako saiakeran honako hau esaten du: "Deigarria da alkohola edaten duen jendea hainbeste aztoratzea alkohola edateari utzi dion pertsona baten aurrean, defentsiban jartzen da", eta tabakoaren konparazioa egiten du "erretzeari uzten diozunean, jada ez duzula jendea molestatzen sentitzen duzu eta jendeak zoriontzen zaitu; baina edateari uzten diozunean, galdetzen dizute: Zer gertatzen zaizu?”.
Gehiago maite duzu zeure burua edaten duzunean?
Elkarrizketa horietatik ateratako ondorioak honako hauek dira: edateari uzteak dirua aurreztea eta onura fisikoak dakartza (ajerik ez izatea, eta digestio hobeak eta hain puztuta ez egotearen sentsazioa izatea). Halaber, zure kontzientzia maila handituko da, erabakiak hartzeko, elkarrizketak hasteko, hobeto entzuteko eta, gainera, jendea ez duzu hainbeste gogaituko....