Azken datuen arabera, Nafarroan trafiko istripuetan alkoholaren eta beste droga batzuen presentziak behera egin badu ere, datuak ikaragarriak dira oraindik. Asteburuetan zirkulazio istripu batean bizia galtzen duten pertsonen ia erdiek alkohola edo bestelako drogak kontsumitu zituzten.
Datu hauek gazteak zein helduak sentsibilizatzen jarraitzera behartzen gaituzte. Hau ez da soilik gazteriari eragiten dion gai bat. Istripuak eta hauen ondorioak murriztu edota ekiditeko dugun erantzunkizunari aurre egin behar diogu arlo pertsonalean zein komunitarioan.
Prebentzio programetatik lanean jarraitzen dugu zirkulazio ezbeharrak eta haien ondorioak murriztea helburu nagusi duten kanpainetan, pertsona guztiak bolantean jarrera arduratsua hartzera animatuz. Kanpaina hauek udan areagotu egiten dira, baina urte osoan zehar prebentzioak duen garrantzia azpimarratu nahi dugu.
Berriro diogu prebentzioaren eta autobabesaren kultura sustatu behar dela, herritarrak arriskuen jakitun izan daitezen eta gure aisiaz gozatzen gaudenean ere arduraz jokatzeko. Horrela, gurea egiten dugu azken osasun kanpainaren leloa, non bakoitzak dugun erantzukizunean eragiten duen: "JAIA ITZULTZEA DA. AUKERATU ITZULTZEA".
Pertsona bat etxera itzuli ez izana nahikoa arrazoi da herritarrak kontzientziatzen jarraitzeko. Azken kanpaina honek alkoholemia tasari buruzko legediaren aldaketaren iragarpen batekin kointziditu du eta lege berria iragarri baino lehen sortzen ari den zalaparta gure ustez, deigarria da.
Ez dugu baloratuko legea gogortzeko beharra dagoen ala ez, baina, gutxienez, horren inguruko hausnarketa egin nahiko genuke. Tasa jaisteko legea aldatu den bakoitzean, kontrako jarrerak egon dira, beti gure erabakiak hartzeko askatasun indibiduala eskatuz. Baina, bitxia bada ere, erabaki horrek besteei ere eragiten die. Bideberrian, bizitzan bezala denok gaude konektatuta eta norberak egiten duenak eragina izan dezake besteengan.
Batzuetan kezkatzen gaituena da: zenbatekin positibo ematen dugun, zenbat puntu kentzen dizkiguten... kaña batekin, 2 kañekin... Kontua ez da zenbat har dezakegun gidatu ahal izateko, baizik eta edaten dugunean eta autoa hartzen dugunean hartzen dugun arriskua.
Garrantzitsuena ez da isun bat saihestea, istripua eta honen ondorioak saihestea baizik.