Hara zer dien

Altxa Burua gure zonaldean

Sare sozialak gehiegi eta gaizki erabiltzea gizartearen kezka bat da. Etengabe ikusten dugu albisteetan, eta egunero ikusten dugu etxean, batez ere mugikorrak dituzten haurrak eta nerabeak dauden etxeetan (ez gara hain kritikoak helduen artean). Ordu asko ematen dituzte pantailetan. Egia da dena ez dela txarra eta erabilera on batek erraztu eta lagundu egiten digula gure bizitzako alderdi askotan. Kontua adina eta sen ona dira. Haur batek ezin du zentzuz jokatu mugikor baten erabileraren aurrean, bere garuna ez dago ebolutiboki prestatuta. Ez du maila horietan bere burua arautzeko gaitasunik.

Egoera horrek kezkatuta dauden gizarte mugimenduak sortu ditu, hala nola Altxa Burua.

Altxa Burua Gipuzkoan sortu zen plataforma bat da, pantailek eta mugikor adimendunek haurrengan eta nerabeengan dituzten ondorio kaltegarriekin kezkatuta dauden familiez osatua. Honela definitzen dira: teknologiaren erabilera egokia bultzatu nahi duten guraso taldeak, herri eskola eta auzoetan elkartzen direnak eta Altxa burua Gipuzkoa sarea osatu dutenak laguntzeko eta indarra egiteko. Helburu hauek batzen dituzte: gure seme alabei Interneterako sarbidea duten gailuak ematea atzeratzea; eskolak telefono mugikorrik gabeko arnasgune bihurtzea; eta helduak eta seme alabak erabilera egokian gaitzea, familiaren erabileran eredu izatea eta kontzientzia ehuntzea. Bestalde, hezkuntzaren digitalizazioa ere kezkatzeko arrazoi orokorra da eurendako.

Honi guztiari aurre egiteko modua sareak eraikitzea da: gauzak elkarrekin egiteak, bakarrik egitea baino errazagoak izatea eragiten du. Eredua ematea, eta heldutasunez lan egitea. Hezkuntza digitalean tresna egokiekin lan egitea; garrantzitsua da arlo horretan ere lan egitea.

Oinarri berberekin, Sakanan ere bada mugimendurik, eta herri askotan –Etxarri Aranatz, Altsasu, Uharte Arakil...– hain garrantzitsuak diren sare horiek sortzeko lanean ari dira. Plataformak ondo dioen bezala, gauzak elkarrekin egiteak dena errazago bihurtzen du, eta txikitatik barneratzen badute komunitate edo herri honetan mugikorra ez dela beranduago arte ematen, barneratze hori errazten diegu, eta, batez ere, sare sozialen eta Interneten atzean egon daitekeen alde negatibo guztia prebenitzen dugu: bullyinga, traba egitea, batere gomendagarriak ez diren plataformetarako sarbidea eta abar. Horrez gain, nola ez, pantailen menpekotasuna jasatearen arriskua ekidingo dugu, adin goiztiarretan arrisku handiagoa baitago adikzioa sortzeko.

Eskertzekoa da komunitate mailako familia mugimendu horiek sortzea eta erakundeen laguntza eskatu ahal izatea. Edozein ekimen mota, zenbat eta komunitarioagoa izan, orduan eta arrakasta handiagoa izango du. Teknologia ondo erabiltzeko eta haurrak eta nerabeak babesteko arduratuta eta lanpetuta dauden mugimendu horiei guztiei, animo!!!