Askotan entzun ohi dugu drogen kontsumoaren ondoren sor daitezkeen arazoak ekiditeko ezinbestekoa dela gure seme-alabekin drogei eta haien arriskuei buruz etxean hitz egitea. Aldi berean, gurasoek diote drogen gaia, teknologia eta sexualitatearekin batera, ziur asko, gurasoei zailtasun gehien sortzen dizkien gaia dela, bai ezjakintasunagatik bai gure seme-alabekin gai horiek kudeatzeko zailtasunengatik.
Garrantzitsua da drogei buruz hitz egitea dramatizatu gabe. Alferrikako egoera dramatikorik sortu gabe hitz egitea, kutsu katastrofistatik ihesi eta, aldi berean, gaiari buruz hutsalkeriarik ez egitea. Kontuan izan behar da gure seme-alabek drogei buruz jasotzen dituzten lehen informazioak osatu gabeak eta nahasiak izan ohi direla. Hori dela eta, informazio serioa eta egiaztatua eman behar zaie seme-alabei. Baina prebentzioa egitea ez da soilik drogei buruz hitz egitea, bizitzarako heztea baizik. Drogen arriskuez hitz egin baino gehiago, drogek dakartzaten arriskuak prebenitzeko hezi behar ditugu.
Garrantzitsua da gure seme-alabekin elkarrizketa sustatzea eta hau ez da hitz egitea soilik, egiten dutenari begiratzea baizik. Gure seme-alabek adierazten dutenari arreta jartzea eta adierazten dituzten ideiak, zalantzak eta euren kezkei balioa ematea. Honek ez du esan nahi esaten dutenarekin ados egon behar garela beti, beraiek iritzi propio bat izatea onartzen dugula baizik. Horrela, lagun diezaiekegu autonomoak izan daitezen, bizitzan sortzen zaizkien gatazkei aurre egiteko gai izan daitezen eta beraiendako onuragarriak diren erabakiak har ditzaten.
Horretarako oso garrantzitsua eta beharrezkoa da seme alabei mugak jartzea. Mugak jartzeak segurtasuna, babesa eta konfiantza sentiarazten die seme-alabei. Gainera, beren muga propioak jartzen eta ezetz esaten irakasten die.
Guraso garen aldetik, gure funtzioa da haiekin egotea, haiengan konfiantza izatea, huts egin dezaten ahalbidetzea eta maitatuak eta seguruak sentituko diren ingurune bat ematea, segurtasun eta maitasun horretatik eraikiko dutelako beren identitatea.
Eredu horretan jartzen dute arreta; errespetatzen baditugu, gainerakoak errespetatuko dituzte; ondo tratatzen baditugu, gainerakoak ondo tratatuko dituzte. Zaintzen baditugu, beren burua zaintzen ikasiko dute.
Eta, gogoratu: gehiago hezten dugu egiten dugunarekin esaten dugunarekin baino.