Afrikako esaera zahar batek honela dio: "haur bat hezteko tribu oso baten laguntza behar da". Ideia horrek gaur egun ere indarrean jarraitzen du, gogoraraziz heziketa eta zaintza ez direla banakako eginkizunak, baizik eta familia, komunitatea eta ingurune osoaren artean eraikitzen diren prozesuak direla.
Nerabezaroa etapa berezia eta konplexua da familia baten barruan. Aldaketa ugari gertatzen dira: autonomia handiagoa, lagunen eragin gero eta handiagoa, emozio biziagoak… Testuinguru horretan, askotan zaila izaten da nerabeei nola lagundu jakitea. Zalantzak, kezkak eta ziurgabetasuna ohikoak dira, baina garrantzitsua da gogoratzea inork ez duela prozesu honetan bakarrik egon behar.
Ikerketek argi erakusten dute familiek duten funtsezko papera. Nerabeek babes handiagoa dute komunikazio ona, konfiantza giroa eta erreferentziazko helduak dituztenean.
Gaur egungo gizartean gero eta nabarmenagoak dira nerabeen ongizate emozionalarekin lotutako erronkak, hala nola estresa, antsietatea edo presio soziala. Horiek guztiek eragina dute erabakiak hartzeko moduan. Aldi berean, datuek adierazten dute substantzien kontsumoa oraindik ere adin goiztiarretan hasten dela, askotan talde-dinamikekin lotuta. Horregatik, prebentzioa ikuspegi hezitzaile, hurbil eta epairik gabekotik lantzea ezinbestekoa da.
Testuinguru honetan, familiak indartzea funtsezkoa da, etxean elkarrizketa sustatuz eta epairik gabe hitz egiteko eta entzuteko espazioak sortuz, seme-alaben egunerokoari, lagunarteari eta planei buruz interesa agertuz, muga argiak ezarriz segurtasuna eta erreferentziak eskaintzeko, eta, batez ere, helduen jokabidea beti eredugarria dela kontuan hartuz.
Azken batean, nerabeak laguntzeko, ulertu behar dugu ez dagoela erantzun edo bide bakarra. Denbora, pazientzia eta konpromiso partekatua eskatzen duen prozesua da. Errespetuan, entzute aktiboan eta gertutasunean oinarritutako harremanek familiak indartzeaz gain, gizarte kontzienteago, enpatikoago eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prestago bat eraikitzen laguntzen dute.
Denen artean sortu dezagun eredugarria, koherentea eta arduratsua den tribu hori.