Urte bat

Erabiltzailearen aurpegia Sasoia jubilatuen elkartea 2019ko ots. 1a, 08:04

Bai, urte bat egin du Jubilatu-Pentsionisten astelehenetako borrokak. 2018ko urtarrilaren 15ean egin zen lehendabiziko manifestazioa eta, bata bestearen atzetik, hortxe joan dira 53 astelehen. Inor gutxik sinistuko zuen borroka honek urte bat iraun zezakeenik, baina gaur, hori baiezta dezakegu. Batez ere Bilboko manifestazioak deigarriak izan dira,baina beste hiri eta eskualdetakoak gutxietsi gabe. Milaka eta milaka jubilatuk parte hartu du urte osoan eta eredugarria jo dezakegu gure borroka.

Merezi izan du? Zer lortu duzue? Egia da, aldarrikatu ditugun helburuak ez ditugu lortu. Ezin dugu esan Pentsioen Sistema Publikoaren legearen bidez bermatuta dagoenik, ezin dugu esan 1.080 euroko gutxieneko pentsioa onartu digutenik, emakumeen pentsioen aldea desagertu denik, iraunkortasun faktorea behin betirako indargabetu dutenik…..

Pertsona ezkorrek, sinesgaitzek, ez dugula ezer lortu esango dute, baina jakin dezatela beraien pentsioa 1,7 igo dela 2018an eta 1,6 igoko dela 2019an, ez 0,25 euro. Pentsio baxuenak %3 igoko dituzte. Alargunen pentsioa kalkulatzeko oinarria %56koa izan da 2018an eta %60koa izango da 2019an. Hau jubilatuok urte bat kalean daramagulako izan da, ez digute gure pobreziaz errukitu direlako eman.

Bagenekien ez zigutela eskatzen genuena emango, baina bagenekien zerbait ematekotan eta lortzekotan hau dela bidea. Beraz, lorpen nagusia politikoen eta gobernuen agendan sartzea izan da. Garrantzitsua da dirua, baina kolektibo gisa eraginik ez badugu lortzen, nahi dutena egingo dute diru publikoarekin; eraginkorrak izatea lortzen badugu, baldintzatuko ditugu Madrilgo, Gasteizko,eta Nafarroako gobernuak, jubilatuekiko dituzten asmoak. Bide bakarra borroka da.