Urtarrilaren 25ean, aurreko artikulua idatzi nuenean, ez zitzaidan bururatzen, gaur egun gizarte osoa eta batez ere jubilatuok jasaten ari garen egoera etor litekeenik, baina etorri da. Egia da sekula nire bizian, eta badira 79 urte, ez dudala horrelakorik ezagutu, baina “hamaika ikusteko jaioak gara” esaera zaharrak dioen bezala, hau ere bizitzaren osagai bat gehiago bezala hartu beharko dugu. Hala ere, ez dugu ongi etorria izan dadila esango; alderantziz, joan dadila lehenbailehen.
Orain horretan ari gara, birusari hesia jarri behar omen zaio eta, batez ere gu, adinekook, arrisku handiko pertsonak omen gara, eta, izango gara, baina errudunak ez, biktimak bai, gure agintarien biktimak. Zoritxarrez, beraien jarduera diru jabeen eraginpean dago. Miloiak ukatu dizkiote osasun sistema publikoari pribatizazioaren mesedetan, miloiak gastatu dituzte, eraikin erraldoietan, gutxien batzuen irabaziak metatzeko eta orain ere, tematsu azaltzen dira, ekonomia osasunaren gainetik jartzen dute, ez dute lotsarik.
Urteak daramatzagu borrokan bizi duin bat bermatzeko beharrezkoak ditugun eskubideak aldarrikatzen: osasun eta pentsio publiko duinak, erresidentzia publikoak, Mendekotasunaren Legea gauzatu dadila, Jasangarritasun ezinaren irizpidea lurperatzeko, pentsio arrakala gainditzeko, 1080 €ko pentsio minimoa…. Eta, hain beharrezkoak zaizkigun aldarrikapen hauek lortzeko ez dago dirurik, ez gara emankorrak, eman beharra eman dugu.
Ez genuen hori merezi, are gutxiago hain baldintza penagarrietan joan zaizkigun lagunak. Burua zuritu nahi dute orain, ez digute ziririk sartuko, oso argi daukagu: batzuen irabaziak pilatzeko bideratu dituzten diruak Osasun Zerbitzu Publikoetara bideratu izan balituzte, joan zaizkigun lagun asko, familiez, lagunez, bizitzaz gozatzen egon behar zuten gaur gurekin. GOIAN BEUDE eta gure elkartasuna beraien familikoei. Elkartasuna eta eskerrak ere, profesionaltasunaz eta maitasunez, gure alde ahaleginetan ari diren sendagile, erizain eta langile guztiei.
Gelditzen garenok zin egiten diegu aurrera jarraituko dugula gure borrokarekin, atzera pausorik ez, duintasunez bizi nahi dugu eta duintasunez hil.