Zauri sakona

Benetan sakona Covid-19 izurrite honek adinekoengan sortu duen zauria. Datu zehatz zehatzik ez dago, baina gutxi gorabehera Euskal Herrian 850 pertsonatik gora dira adinekoen egoitzetan hildakoak, hildakoen %42. Nahigabea, atsekabea sorrarazten duen errealitatea da, eta zer esanik ez hiltzerakoan pairatu behar izan dituzten baldintza penagarriak gogoan hartzen baditugu. Agur eta ohore guztiei eta elkartasuna familiakoei.
Errealitate gordin honek kezka eta galdera bat baino gehiago sortzen dizkigu: Beharrezkoa izan al da? Errudunik ba al dago? Saihestu al zitekeen? Erantzukizuna eskatzerik ba al dago? Nori?


Ez gara inozoak eta ez dut esango erantzun bakarra dagoenik, baina, ez dut zalantzarik, nagusiena sistema kapitalista finantzarioari dagokiola, gertatua ikusi eta gero. Zoritxarrez, adinekoen egoitzak diru iturri bilakatzen ari dira eta pribatizazio honen kudeaketak eragin zuzena du adinekoei ematen zaizkien zerbitzuekin. Baliabide murritzak eta langile kopuru desegokiak behar zaien arreta eta adeitasuna eskaintzeko. Hori gertatu da irabaziak bezeroen ongizatearen gainetik jartzen dituztelako. Errudun nagusiak direla uste dugu. Egoera larri honetan adineko pertsonen bizia babesteko ez dute gaitasunik izan. Izurriteak beraien gabezia eta interesak azaleratu ditu. Ez ditugu nahi.


Nafarroako Gobernuaren eta talde politikoen erantzukizuna ere aipatu beharra dago. Beraien politikak adinekoen egoitzen pribatizazio hau ahalbidetu du, gure aldarrikapenari entzungor eginez. Erresidentzia publikoak egiteko dirurik ez dago; pribatuei emateko, bai. Gertatua ikusi eta adinekoen ongizateari dagokion guztia birplanteatu beharko dute. Behin eta berriz gogoraraziko diegu: "diru publikoa zerbitzu publikoetarako". Gabezia asko egon dira eta aldarrikapen nagusi honetatik abiatuta, beste alternatiba batzuk sortzeko gai izango ahal gara aurrerantzean.