Igarria zegoen pandemiaren ondoko "normaltasuna" iristean ekonomiak hartuko zuela lehentasuna. Une gogorrenetan ere, agintari politikoak ekonomiaren egoera larria aipatu gabe ez ziren hedabideetan agertzen, eta ekonomiak finkatu ditu alarma egoera eta konfinamendutik atera gaituen irizpideak, eta ez osasunak. Munduko ekonomiaren ardura dutenak ez dira gaixotu eta lanean jardun dute, baina ez dute ezer berririk asmatu; azken hamarkadako arazo eta murrizketa sozialei eusten diete, dirudienez.
Eta badakigu gure agintariek esaten dutena egiten dutela, nahi dutenean. Baditugu adibideak: PSOEk eskuinerako bidea agertu du pentsionisten aldarrikapenei dagokienez. Berreraikuntza Ekonomikorako Batzordean Unidas Podemos eta EH Bildurekin pentsioak KPIrekin errebalorizatzeko, gutxieneko pentsioak igotzeko eta iraunkortasun faktorea indargabetzeko konpromisoa adostu ondoren, PSOEk berak baztertu egin zuen adostutakoa.
Toledoko Itunaren batzorde teknikoa ere hasia da lanean, baina hitz jarioetan jasotzen diren asmo onetatik harago, azkeneko hamarkada honetan ezagutu ditugun neurri negatibo guztiei eusten diete. 2011 eta 2013ko pentsio erreformei eutsi nahi diete, 1.200 euroko gutxieneko soldata eta 1080 euroko gutxieneko pentsioak ez dituzte onartzen, erretiro adina 67 urtetara luzatzen da, pentsioen oinarri arautzailea 25 urtera izan ordez lan-bizitza osora luzatzea ez da baztertzen.
Europako Estatuburu, banku, enpresa handi eta burtsendako argia, lasaitasuna eta poza dakarten erabaki hauek ekaitz bortitza iragartzen diguten hodei beltzak bilakatzen dira guretzat. Pello Solabarriaren esaerarekin erantzungo diegu: "Amets egitea galarazten badigute, loa galaraziko diegu".