Pandemiaren berrindartze honek lehenengo txandan utzi zituen zauriak ireki ditu. Gogoan dugu denok pandemiak adinekoengan izan zuen eragina: gaixotasuna, bakardadea, heriotza… Horregatik, berriz ere, zahar etxeetara begira jarri gara. Lehenengo aldian agerian gelditu ziren gabezia eta hutsuneak zuzendu eta konpondu gabe harrapatu gaitu, ez zaio inori erantzukizunik eskatu, agintariek, bigarren itzuli hau aurreikusi arren, zentro hauei ez dizkie eman erabiltzaileen osasuna bermatzeko behar diren baliabide materialak eta langile kopuruak. Eta utzikeria honekin kaltetuenak berriz ere adinduok gara.
Eta konponbide errazena aukeratu dute orain ere, INPOSAKETA. Giltzapetu, kalera ateratzera debekatu, familia eta lagunekin beharrezkoak dituzten harremanak eten, bere askatasuna eta eskubideak murriztu… Lehenengo txandan egon ziren egoera eta bizipen gordinetatik badirudi ez dutela ondoriorik atera, ez dutela ikasi. Aldaketa nabarmenik ez dago.
Baina bada gauzak aldatu nahi dituenik. Aurrekoan zahar etxeetan gertatutakoak betirako minduta utzi zituenak mugitzen hasi dira, eta zahar etxeen erabiltzaileei, berriz ere, jarri nahi zaizkien debeku eta eskubide murrizketak onartzen ez dituztenek elkarte bat sortu dute,”Zainduz-Cuidando”, zahar egoitzetako erabiltzaileen duintasuna eta eskubideak defendatzeko asmoarekin.
Larunbatean, urriaren 31an, egin zuten lehenengo ekitaldia eta bertan parte hartu genuen guztiontzat, pozgarria izan zen. Hunkigarria ekitaldiaren hasiera, aurrez aurre genituen Iruñeko Miserikordia zahar etxean bizi diren senitartekoak; maitasuna eta amorrua azaleratu ziren bat-batean eta garbia izan zen Nafarroako Gobernuari helarazi genion mezua Iruñeko kaleak zeharkatu ondoren: adinekoendako beste erresidentzia eredu bat, arreta duin eta publikoa bermatzen duen eredua.