Txertoa

Pandemia etorri zitzaigula urte bat egin behar du, eta gero eta indartsuago ikusten zaio, muga guztiak apurtzen ari da. Txertoan jarria genuen itxaropen guztia, parafernalia guztiekin egin zitzaion ongi etorria, espektakulu aparta muntatu ziguten, bai garraiatzerakoan, bai zahar etxeetako adinduei jartzerakoan. Gertaera garrantzitsuak denbora errealean eman behar zaizkio eta, ahalik eta modu erakargarrienean, gaur egungo jendeari.
Ongi etorria izan dadila txertoa pandemia nazkagarri honi aurre egiteko, ez gure agintarien burua zuritzeko eta gutxiago protokolo guztien gainetik, erantzuleek, onuradun izateko. Horrelako egoera batean ere, gizartearen interesak interes pribatuen menpe ikusi behar izatea salatu beharra dago. Noiz aterako ote da pandemia honi aurre egiteko txertoa! Noiz aldatu behar ote dute jarrera gure agintariek, noiz hasi behar ote dira zerbitzu publikoak sustatzen?
Pandemiaren hasieratik adibide gordinak uzten ari da politika pribatizatzaile hau. Zer gertatu da gure ospitaleetan, gure osasun etxeetan, lehen arretekin, zahar etxeekin…. Egoera ikusita Nafarroako Gobernuaren kudeaketa osasun arloan ez dugu erabat gaitzetsiko, baina zahar etxeei dagokionez, larritzat jotzen dugu bere jarrera. Ez du ezer jakin nahi zahar etxe publikoak irekitzearekin, inbertsio pribatuen esku uzten ari da "El Vergel" izan ezik. Jabetu ez, diru laguntzak bai. Eta hara hor zer gertatu den eta zer gertatzen ari den; hau ez dugu onartuko. Gure aldarrikapenak hauek izan dira beti: Osasun Sistema Publikoa eta Zahar Etxe Publikoak. Ez dugu negozioaren diru iturri bilakatu nahi.
Jubilatu guztiei zuzentzen dizuegun mezua hondokoa da: jarrraitu dezagun borrokan elkarrekin, berma diezaizkigutela Osasun Publikoa, Pentsio Sistema Publikoa,Pentsio duinak, zahartzaro lasai eta zoriontsu bat izateko.