Laburbilduz esan dezakegu Toledoko ituna kapitalismoak sortutako tresna berezi bat dela, politika sozialak kapitalismoaren interesen arabera bideratzeko. Horregatik protagonismo berezia hartzen du krisi ekonomikoak astintzen gaituen bakoitzean. Banku eta enpresarien interesak babesteko, Kongresuko diputatuek hautatzen dituzten adituen batzorde bat da.
Sortu zen unetik, 1995ean, langile, jubilatu, alargun eta gizaki behartsuenen zigor bilakatu da. Bere esanetara makurrarazten du Gobernua bera. Horren adibide bankuen zorrei ematen zaion lehentasuna, 2010-2012ko lan erreforma, 2011-2013ko pentsioen erreforma, pentsio sistema pribatuak bultzatzea, gizarte zerbitzuak murriztea…
Oraingoan, PSOE eta Ahal Duguk osatzen duten Gobernuak gauzak hobetuko zituelakoan geunden jubilatuok, baina denbora pasatzen doan heinean, konturatu gara amets bat besterik ez dela izan. Garbi dugu, berriz ere, Bruselako presioa eta bankuena, jubilatuena baino eraginkorragoak direla, beraien interesak bermatzen dituzten bitartean, gure eskubide eta aldarrikapenak galtzear daude.
Badirudi lorpen bakarra pentsioen urteroko igoera KPIren igoeraren araberakoa izatea dela.
Pentsio Sistema Publikoa arriskuan dago. Diru publikoa eta enpresetako hitzarmenen bidez pentsio pribatuak bultzatu nahi dituzte. Jubilatzeko adina atzeratu nahi dute, pentsioen eta lan erreformak bertan jarraitzen dute, genero arrakala ez dute aipatu ere egiten, emakumeen etxeko lanak eta zaintzakoak gutxiesten dituzte, 1.080 euroko pentsio minimoak bermatu gabe… Inposatu nahi dizkiguten murrizketak zuritzeko aitzaki potoloa eman digute: Europako funtsak murrizketarik gabe ezin omen du eskuratu fondo horietatik datorkion dirua.
Jubilatuen ziurtasunik gabeko egoera honek mobilizazio sozial eta laboral bat proposatu eta lantzera behartzen gaitu, Gobernuari presionatzeko. Mobilizatzeko gai izan behar dugu ,abian dauden politikak aldatzea lortzeko. Elkartu eta egin diezaiogun borrokari gure eskubideak eta aldarrikapenak bermatzeko.