Gure asanblada gaur egun zerbait bada, auzolanei esker izan da. 2013. urtean gure ibilbidea hasi genuenetik ekintza asko egin ditugu auzolanean. Auzolana tresna ezin hobea da herritarren arteko elkarlana bultzatzeko. Ideia hori islatu nahi izan dugu gure kamiseten leloan: Antolakuntza eta auzolanaz herria eraiki.
Auzolana eskola da gazte askorentzat, aurretik sekula egin gabeko lanak egin behar izaten baitira. Erratza pasatu edo pareta bat margotzea bezalako lan sinpletatik hasi eta ehun lagunendako kozinatu edo argindar instalazioa egiteraino. Denetik ikasten da auzolanean.
Baina dena ez da eskulana, abilezia sozialak ere lantzen dira. Auzolana talde lana den heinean, taldekideekin hartu-emana dago. Ardurak hartu, laguntza eskatu, ideiak eman, iritziak partekatu, eta, nola ez, besteei lekua uzten ere ikasi behar da. Askotan laguntza kanpoan ere eskatu behar izaten da. Aukera hau aprobetxatu nahi dugu eskerrak emateko azken urteotan lagundu diguten guztiei.
Bada auzolana gainerako lanetatik bereizten duen ezaugarri garrantzitsu bat: fruituak ez dira indibidualak, baizik eta kolektiboak. Auzolanean ez zara zuretzat bakarrik ari, taldearentzat baizik.
Dena den, taldearentzat lan egitea ondo dago, baina betiere etxekoak ahaztu gabe. Askok primerakoz garbituko zuten plater bat herri bazkari batean. Beti dago lehen aldi bat, baina ez dago beste urte bat itxaron beharrik festak berriro iritsi eta bigarren platera garbitzeko.
Gaztetxean dabilenak ongi daki espazioa ez dela bakarrik mantentzen. Nahikoa dira egun gutxi batzuk bazterrak hautsez eta amegunez betetzeko. Etxean ere berdin gertatuko litzateke betikoek garbituko ez balute.
Ez ditzagun utzi zaintza lanak betikoen gain! Urdiaingo esaera zaharrak dio: Auzolan, etxean jan eta kanpoan lan. Baina, egin dezagun etxean lan eta kanpoan lan!