La isla de las mujeres del mar
Lisa See
Jeju irlako antzinako ohiturak ezagutzeko aukera izango duzu liburu honetan, batez ere, haenyeo emakumeen urpeko arrantzaren ohitura. Hori guztia modu dinamikoan kontatuta eta berehala harrapatuko zaituzten bi emakume protagonisten istorioa ardatz duela.
Hiroshimako bonbardaketaren aurretik, Jeju irlan japoniarren eskutik jasandako sarraskia, hilketak eta txikizioa ezagutuko dituzu, gizakion historiaren alde gogorra baztertu gabe. Gaur egun, haenyoak, gizon-emakume guztien ondare izendatuta daude.
Zein usain dute oroitzapenek?
Maddi Etxeberria
Astean bat, bi … eskutitzen bidez kontatzen dio lagunari bere bizitza berria: lagun berriak, Euskal Herriarekin gordetzen duen harremana, Anderrekin duen harremana, irakasle lanean nola sentitzen den… Urte batean zehar idatzitako eskutitz hauek Gaiaren bizitza kontatzen dute sinpleki.
Eskutitz bidez idatzita dagoenez, irakurterraza eta oso dinamikoa egiten da. Gazteei zuzendua, baina edozeinek irakur dezake, batez ere, euskaraz irakurtzeko nagikeria edo "pereza" daukatenendako. Amaieran trama guztia argitzen da.
Gau beltza
Joseba Ozaita eta Joseba Larratxe
Gau Beltza edo denok ezagutzen dugun Halloween ate joka daukagu eta hona hemen orain arte kontsumo gizarte honetan, egun horri buruz jaso dugun informazioa alde batera utzi, eta naturarekin lotuta dagoen beste azalpen bat ematen digun eleberria.
Josu Ozaitak, pasa den urtean, 'Itzalitako kalabazen berpiztea' liburua idatzi zuen, eta bertan, Euskal Herrian garai batean egun hau ospatzeko modua azaldu zigun, egindako ikerketa etnografikoan.
Gau Beltza liburuarekin, berriz, gazteengana hurbildu nahi izan du haiendako gaiari lotuta dagoen eleberria idatziz.
Anari haserre dago; Halloween ospatu nahiko luke, baina amak ezetz dio, jai arrotza dela eta ez duela baliorik sustatzen. Kontua aldatu egiten da aitonak umetan haiek ere ospatzen zutela kontatzen dienean. Anarik irrikaz lotuko ditu hariak, eta lagunekin batera gaurkotuko dute arbasoen ohitura bat: Gau beltza.