- Últimos días en Berlín (Planeta 2021): Agian ezaguna egingo zaizu 2021eko planeta sarian finalista geratu zelako. Idazlea Paloma Sánchez-Garnica da, Urdiaingo liburutegian, orain arte, idazle ezezaguna. Azala ikusi, eta Bigarren Mundu Gerrateko "beste" liburu bat dela pentsa dezakezu, baina, dena den, emaiozu aukera bat, "engantxatuko" zaitu.
Yuri Santacruz da protagonista, San Petersburgotik ihesi Berlinera iritsiko dena. Errusiako iraultzatik ihesi Adolf Hitlerren izendatze eguna biziko du Berlinen. Maitasuna, injustizia, adiskidetasuna, muturreko bortizkeria, elkartasuna… ezagutuko ditu oso arin irakurtzen den elaberri historiko honetan. - Haize-lekuak (Alberdania 2020): Honako hau Altsasun eta Idiazabalen dago girotua eta Ainhoa Telleria dugu idazlea. Gerraostean baserritik Altsasura neskame joandako 13 urteko gazte baten "heziketa sentimentala" kontatu du, samurtasunez, amonaren bizipenak oinarri.
"Aitortu gabeko heroien" historia jaso nahi izan du Telleria idazle idiazabaldarrak bere lehen eleberrian. Historiak alde batera utzitako pertsonaiak ekarri ditu lehen lerrora, uste baitu jende arruntak oso gauza interesgarriak eta gogorrak bizi izan dituela; esaterako, gerra. Historiak alboratutako horien ikuspuntua du kontagai nobelak: emakumeak, herrian geratutakoak, neskameak, baserritarrak...
Mikelak 13 urterekin jaioterria utzi eta Altsasura neskame joango da amak etxean aho bat arindu asmoz. Neskatoak 36ko gerrak gogor kolpatutako herria aurkituko du bertan, eta ohituta zegoenarekin konparatuz, bizimodu erabat ezberdina. Baserri ingurutik joana, herri handi bateko giroarekin egingo du topo, hizkuntza eta ohitura zeharo desberdinekin. - Bukatzeko, eta gure txikiei zuzenduta KATTA dugu azken aldian liburutegiko protagonista. Miren Agur Meabe dugu idazlea eta Lotura Films-ek sortu ditu ilustrazioak. 12 ipuinetan KATTA katagorria eta bere lagunak hainbat egoeratan ezagutzeko aukera izango duzue. Irakurtzen hasten direnendako oso aproposa, letra larriz eta esaldi laburrez idatzia baitago.
Aste Santu ON!!