Bazterretik

Liburua eskuartean ongietorria udaberriari

Erabiltzailearen aurpegia Urdiaingo Liburutegia 2023ko mar. 13a, 09:54

Estupor y temblores (Izua eta dardarak). 1999. urtean argitaratu zen eleberria daukazue hau; egia da, ez da azken nobedadea, baina japoniarren laneko harremanak eta hierarkia ulertzeko edozein dokumental baino hobea delakoan nago. Amélie Nothomb idazlea Japonian jaio zen, Bruselako familia batean eta 22 urterekin mundu mailan dagoen enpresa handienetako batean hasi zen lanean, Yumimoton. 
Izututa eta dardarka, horrela agertu behar zuten bere garaian enperadorearen aurrean haren mendekoak. Eta oraindik ere, guztiz hierarkizatua jarraitzen duen Japonian, (gainekoa, ezer baino lehen beste baten azpikoa da) Amélie lur jota dago jasaten dituen etengabeko irainak direla eta. Gero eta lan absurdoagoak eginarazten dizkioten bitartean, berak, zentzugabekeria hau ulertu nahian, umorea erabiltzen du, mahai gainean jarriz Japoniako lan munduan onartuak dituzten egoera anker, sadiko eta lanaldi amaiezinak. 

Nobela beltzean, Manel Loureiroren La ladrona de huesos izan da azken aurkikuntza. Santiago Bidean kokatutako edozein istoriok dauka zerekin jolastu trama erakargarria sortu ahal izateko; hortaz, ez galdu aukera liburu honetan murgiltzeko.

Euskarazkoan Olivetti Aitziber Etxeberriarena: Haserre dago Ingrid. Aita berriki hil zaio eta bakarrik sentitzen da. Testamentuak aitaren azken borondatea ez ezik amarena dakar. Berarentzat esanahirik ez duen Olivetti idazmakina baten argazki zahar bat eta ulertzen ez duen aipamen bat nahikoa izango dira bere bizitza hankaz gora jartzeko. Anima zaitez liburua irakurtzera eta Ingriden gurasoen iragan bitxia ezagutzean Ingridek hartzen duen ezustekoa zuretzat ere harrigarria izango da.

Eta ni bezala zientzia-fikziozaleak bazarete hemen duzue euskarazko genero honetan hain urriak diren liburu berria: EUSKALIA

Barre egingo duzue kontakizun lotsagabe eta zirikatzaile honekin. Hamalau galaxiaz osatuta dagoen Euskalia ezagutzeko aukera izango duzue, berdintasuna eta justizia soziala bermatuta dagoen gizartea, non euskaldunak buru diren. Beti dago matxinatu nahi duen baten bat, ordea: Muturgogor barrutian, garai bateko espainiar kultura eta hizkuntzaren gailentasuna berreskuratu nahi luketen erresistentziako kideak. Istorioaren garapena jakiteko, joan zaitez zure herriko liburutegira eta eskuratu, ez zara damutuko.

Azkena haurrei zuzendutakoa izango da: Sumendi bat daukat. Mirian Tiradok emozioak lantzeko zenbait ipuin dauzka, eta, oraingoan, haserretzen garenean gure barnean pizten den sumendi hori nola kontrolatu irakatsi nahi digu.

Eskuartean liburu bat duzula, emaiozu ongietorria udaberriari!