Bazterretik

Udazkeneko liburu gomendioak

Eta udazkenerako gomendioak zeintzuk? Hainbeste dago aukeratzeko…  Euskarazko batekin hasiko naiz: Lumbung; eta zergatik hau? Pasa den astean Sakanako Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzuak antolatutako zaintzari buruzko jardunaldietan egon nintzen. Zenbat gauza interesgarri kontatu zizkiguten, besteak beste, “zaintza” zenbat esparrutatik egin daitekeen.  Luzerako hausnarketarako izango da gai hau, eta horren harira Lumbung: munduko hainbat tokitan lan kolektiboa izendatzeko dauden moduei buruzkoa. Zazpi idazlek parte hartu dute liburu honetan, zazpi herrialdetako idazle emakumek. Horien artean Uxue Alberdi; bakoitzak istorio bat, haren herrialdearekin zerikusia daukana.

Eta Dolores Ibarruri badakizue nor izan zen? Bada, badago Alberto Barandiaranek idatzitako biografia liburuxka bat, eta bertan irakurri ahal duzue modu arin batean Pasionaria nor izan zen eta zer egin zuen. Historiako klaseetan, agian gaur egun, aipatuko dira emakumeak historian eta gizartearen aldaketetan, eboluzioan, daukaten eta izan zuten parte hartzea, eta Gallartan jaiotako emakume honek izan zuen. 

Gazteentzat idatzitako Miren Gorrotxategiren azken bi liburuak aipatuko ditut ere: Lima eta bigarrena Lima. Urrezko guraizeak: ustekabekoak, sekretuak, desagerpenak, euskal mitologia… nahasketa erakargarria, ezta?

Gazteleraz Mercedes Guerreroren El baile de las marionetas oso gustura ari gara irakurtzen Urdiainen: Bere garaian Errusiara Santurtzitik atera ziren 4.300 haur, eta fikziozko haur talde baten bizipenak kontatzen dizkigu Stalinen garaitik hasita gaur egunera arte. Ibilbide historiko interesgarria: Errusia, Kuba, Frantzia, Espainia… Gudaren krudeltasuna, botere nahiak dakarren ustelkeria, bortizkeria, sufrimendua, gosea eta aldi berean harremanen garrantzia, ematen diguten sostengua… Hau guztia enpatia sorrarazten duten pertsonaiengandik josia. 

Bukatzeko, txikiekin istorioak asmatzeko liburu ederra: Aurretik eta ondoren Ttarttalok gurera ekarri zuena. Marrazki ederrez osatuta dago, istoriorik ez dauka eta horregatik asmatu behar dira.