Bazterretik

Urdiaingo liburutegiko irakurketa iradokizunak

Erabiltzailearen aurpegia Urdiaingo Liburutegia 2026ko martxoaren 30a

  • Horrelakoa da heriotza? Testua: Ellen Duthie eta Anna Juan Cantavella. Ilustrazioa: Andrea Antinori
    Hiltzen zarenean pentsamendua kentzen zaizu? Nola dakit lo hartzen dudanean ez naizela hil? Heriotzak beldurra ematen du? Maite duzun norbait hiltzen bada, zenbat denbora egoten zara triste? Etorkizunean, egongo al da jendea berpizteko makinarik? Jaio aurretik, non nengoen?
    38 galdera dira osotara, eta liburu hau osatzen dute, Antinoren ilustrazioekin batera. Heriotzari buruzko galderak, 5 eta 15 urte arteko haurrek egindakoak. Erantzunak jakin nahi?
    Liburu samurra, aurreiritzirik gabe, zorrotza eta harrigarria bada ere, alaia da; solas egitera, hausnartzera eta heriotzari buruzko galderak egitera bultzatzen duena.
  • Rara Irati Bediaga
    Handia izaterakoan, normala izan nahi zuen liburu honetako protagonistak. Umetan horretarako prestatzen aritu zen. Gizarteak ezarrita duen normaltasunaren ereduan onartua izateko casting-etan, ordea, askotan jaso zuen ezezkoa rara zelako. Eta horrek bere buruarekin lotsarazten eta haserrarazten zuen. Baina denbora dezente, eta ausardia pitin bat bereganatuz rara izateak aske bihurtu zuen, ahaldundu egin zuen.
    "Nik eta zuk ere badakigu normaltasuna ez dela existitzen, eta, existitzen bada, aspergarria dela".
    Ispilu lanetan jartzen du idazleak irakurlea. Besteen begietara estrainoa izateaz hitz egiten digu, eredugarria zalantzan jarriz.
  • Harrizko bihotza Karmele Jaio
    Apunteak, ametsak, oroitzapenak, hausnarketak, pasadizoak... Pentsamendu laburrak bildu ditu Karmele Jaiok alfabeto moduan antolatutako liburu berezi honetan. Era askotako testuak topatuko ditu irakurleak A-tik Z-tara, lerro bateko kontakizuna, orri bateko gogoeta landuagoa, batzuk arinak, sakonagoak besteak, batzuetan poetiko eta besteetan zorrotz.
    Munduari begiratzen dio idazleak, eta bere fikziozko lanetan landutako gaietako asko ageri dira bertan: giza harremanak, isiluneen pisua, adiskideak, haur garaiko kontuak... Horiekin batera, barrura ere so egiten du, eta bere buruaren erretratu antzeko bat eskaintzen digu, sotila eta intimoa.