Martxoak 8 Altsasun

Erabiltzailearen aurpegia Urkizu 2015ko mar. 24a, 11:57

Zoragarria izan da Emakumeen eguna Altsasun.

Eguna aurreko astean, Iortia kultur gunearen Erakusketa aretoan: “Diruaren sexu izkutua” erakusketa eta Larre-motzean dokumentala . Emakumeak baserriko lanetan, emakumeak egindako diru-zorroak… Eta aidean irudi batzuk: zer dela eta diru handiak (soldatak, inbertsioak, pentsio-fondoak, fondo putreak…) gizonentzat  eta diru txikiak (diru-zorroan sartzen diren txanponak) emakumeentzat? Zer da benetan lana? Dirutan ez neurtzen eta ez ordaintzen ez den etxeko eta zaintza lanak ez al dira benetako lanak? Emakumeen memoria historikoa aberastasunaren sortzaile gisa berreskuratu nahia. Eta horretara jarrita galdera berria: zer da aberastasuna? Zer da bizitza ona? Eta bagoaz pentsatzen eta sinisten lan duina, jana osasuntsua, etxe txukuna eta harreman atseginak (maitasuna, lagunak, elkarrekin jan eta festa), ondare amankomun zainduak (kloro gutxiko ur natural gozoa, erraustegirik gabeko aide garbia, bizitzeko pentsatu eta egindako arkitektura atsegina, mendi biziak, erreka garbiak, gaixo eta ezinduen zainketa…) hori dela benetako aberastasuna eta bizitza ona.

Gainera Gaztetxean emakumeen egunaren karian dokumentala bota zuten…. Ez dakit eskoletan zerbait egin ote zen aurreko egunetan.

Martxoaren 8an, goizaldean, mandatuak egitera atera eta Zumalakarregiko taberna batean sartu nintzen. Kafe bat eskatu nuen eta atenditu nindun neska morez jantzita zegoen. “Zergatik?”… “Emakumeen eguna delako!”. Eguerdi aldean gurpilezko aulkian zihoan amona bat ikusi nuen eta aulkian zintzilikatua zuen lore gorria begizta morez apaindua. Udaletxeko aurreko plazan pankarta baten inguruan eta trikitixaren soinutan emakume multzo bat bildu zen, horietatik asko zapi morea lepoan eta asko gazteak, eta gizonezko batzuk. “Zutik emakumea, hautsi zure kateak” kantatu zen eta argazki bat geratu zen oroigarri.

Eguerdian ere, esan zidatenez, Mertxe morez jantzita atera zen kalera emakumeen eguna zelako. Arratsaldean, Jubilatuen Elkartean musika zegoen. Tabernaria neskari galdetu nion zergatik eta “emakumeen eguna delako” erantzun zidan. Morez jantzita zegoen. Beti Jai musika taldeak kartel bat jarri zuen musikaldiaren berri emateko. Jartzen zuen “Dantzaldia. Martxoak 8. Emakumeen Eguna”. Bertan ziren emakumeen artean lore morezko koilarea zeraman lepotik zintzilik. Zer da hori? galdetu nion. “Gaur, emakumeen erregina” izendatu naute.

Bada, emakumeak eta gazteak eta jubilatuak eta norabanako soilak martxoaren 8aren eta Iortiako mezu sakonaren bueltan ikusi nituenez… poztu nintzen eta esan: Gora Emakume Askeak.

Urkizu