Oi Goiz Eder! Goiz ederra benetan. Goizederren aurrean exeri. Solsaldi atsegina egin. Eta Guaixeko bulegotik atera naizenerako banuen domina berri bat: Guaixeko Akademiko urgazlea. Batere meriturik gabe, ohore handia. Izan ere, artikulutxo pare bat aurkeztuak baiti nituen, besterik ezer. Bainan eskuzabaltasuna itzela guaixekideena.
Hala bada, atera nintzen, eta nire sarrerako hitzaldia prestatu dut. Filologia ezagutza exkaxa dudan arren, lagun egin berrien konfidantzari erantzun behar niola eta ausartu nintzen nire neuroneen artean arakatzen eta "guaixe" hitzaren zentzu bikoitzean murgildu nintzen argiren baten bila.
Lehenik "guaixe", sinpleki, "gu aixe" da. Aixe egingo ditugu gauzak "gu" baldin bagara. Nia bakartuak badu depresioan erortzeko arriskua, maldizioka hasteko, kexu eta kexu, euskara nola joan den beheratzen gure lurralde duela ez gutxi euskaldun hauetan etabar etabar.... Egia da kexu eta amorru jarrera horrek ez duela ezer bideratzen. Eta "gu" izango balitz kexu eta amorru guztiak biltzea, kexu eta amorrua handiagoa egiteko.... Orduan, bai, amildegia. Baina guaixeren "gu" horrek esaten du "aixe", eta "aixe" (errez egin) hitz horrek esan nahi du ikusten dugun hutsuneak betetzen ahaleginduko garela, kexuaren eta amorruaren eragin hilkorra alde batera utziz. Ez dugula euskarazko eskolak? Egin dezagun ikastola! Gazte eta helduak ez dakitela euskaraz? Egin ditzagun euskaltegiak! Irakurtzeko daukaguna El Diario de Navarra bakarrik dela? Egin dezagun "guaixe" aldizkaria!!!!. Hori da "guaixe": hutsuneak bete aixe gu denon artean. Orduan, guaixe hitzak duen tonalitateari kasu eginez, denok lana aixe eta alai.
Bigarrenik, "guaixe" hitza izan daiteke "guraize" hitzaren ahoskera laburtua eta xamurra. Guraize hitza da guraizea. Hau da ohialak eta mozteko erabiltzen den tresna. Adibidez: Gure Esku Dago ekimenean "jostunak" behar omen dira, eta jostunak "guraize" bat behar du lana txukun egiteko. Edota jardina zaintzen duen jardineroak "guraize" bat behar du landareak eder gara daitezen. Argituta bada "guaixe" hitzaren bigarren zentzua, argituko dut orain hitz horrek "guaixe" aldizkariaren egitasmoarekin zer duen ikusteko. Horra noa. Euskararen bizitasunak "guraize" bat behar du gure memoria sendatzeko eta gure oraina ederragotzeko.
Gure etxeko amona, Urdiaindarra bera, haurtzaroan eskolan ibili zen. Denbora gutxi egia esan, etxeko lanak agintzen bait zuen. Bada, denbora labur hartan ikaragarriak eta gehiago entzun zituen eskolan. Maestra batek honela esan zien euskara baizik ez zekiten haurtxo haiei: "Sois tontos. Mejor que vuestros padres os hubieron hecho pienso para el ganado". Eta urte mordoxka batzuk pasa eta gero, gazte denborako "la docena" izeneko kuadrila etorri zen Urdiandik Altsasura, askotan bezala, igande batean. "Imperdible" bat behar zuten soineko punta bat lotzeko. Farra asko egin ondoren, eta jakin gabe nola esan "imperdible", dendan sartu eta "aguja que se cierra" eskatu zuten. Dendan zeudenak farrez hasi ziren, bainan dendako nagusiak esan zuen: "De qué os reís. Vosotras solo sabéis una lengua y estas se defienden en dos. En castellano y en euskara". Eskerturik dago oraindik gure amona. Zorionez, gure amona, harrituta eta harro dago ikusita zenbat euskara entzuten den Altsasun, haur txikiak eta gurasoak, eta Ambulatorioan eta medikuak, eta Alkatea eta Iortiako ekitaldietan. Harrituta eta pozik. Guraizak eta guaixeak behar ditugu horrelako mezpretxuak, edozein delarik mezpretxatutako hizkuntza, errepika ez daitezen.
Lehengo egunean taberna batean nengoen eta mutil neska gazte pare bat sartu ziren. Nengoen txokotik ikusi nituen muxuka, goxo goxo eta neskak esaten zion mutilari: Oye, cari, ¿Vamos a ver las 5o caras de Gray? Me han dicho que esta muy sexi!". Garai batean, esango nuke, agian: "Hara! Gazteak. Eskolan euskara ikasi dute. Eta dena erderaz!". Agian tristura sentimendu bat nabarituko nuen nere barnean, edo amorrua, edo gogoa esateko: "......". Orain aldiz pentsatzen dut: seguraski ez dute euskara nahiko ongi menderatu; seguraski amodioak, borborka datorrenean, automatikoki, sentimendua hobekien adierazten duen hizkuntza aukeratzen du. Zer nahi duzu, Urkizu jauna: amodioa borborka mamitua duen erdaraz edo amodioa hitzak borborka sortu ezinik euskaraz frustratua? Pentsamendu horretan nengoela hara non entzuten diot neskari esaten diola mutilari: "Oye, cari, nos apuntamos a la cena de la Korrika?". Benetan esango dizuet: Nahiago erdaraz adierazitako maitasuna, behartutako euskara baino. Zergatik? Maitasuna, berez, pertsona baten inguruan josten bada ere, jostuna unibertsala delako. Gazte horiek euskara bidean daude. Laguntza: maitasunezko kilo batzuk gehiago. Esango dizuet neska mutil horiek Korrikaren afarian ikusten baditut zer nolako esperantza... Eta hau da "guraize" hitzaren bigarren zentzua: maitasun hitzak gazteleraz, arabez, swahiliz, errumanoz... entzuten badituzu, ez tristetu. Guraizekin (guaixekin) moztu erresentimenduak, amorruak, hasarreak. Ospatu. Ez duzu gastroenteritis sufrituko eta gainera, zure ospakizunak erakarriko ditu bi gazte horiek euskararen maitasunera, hau da, ezagutzara eta erabilerara. Haurrek esaten digute: lasai!!! Ekin eta lasai!!!.
Urkizu