Santa Engrazia ermitaren bila

Erabiltzailearen aurpegia Urkizu 2015ko api. 14a, 13:11

Gaur goizean, apirilak 14, abiatu naiz Santa Engrazia ermitaren bila. Ez uste mordo bat liluratu naute bidean. Hona hemen ezusteak.

Altsasutik Urdiain aldera doan goiko pistan sartu eta liluratu naiz eguraldiarekin, haize leunarekin... Elorri xuriz ornitutako eta ederki jantzitako bidean barrena nijoan. Zuhaitzak loretan hasiak batzuk. Barga osoa udaberriko eztandaren zain. Atzean Aratz eta Aizkorri. Ibiliz ibili hara non ikusten dudan belatso berde argia botoi lore laranjaz estalia zuhaitzen multzo loratuaren erdian. Ikusgarria.

Aurrera joan eta inolaz espero ez nuena. Harri zut dotore batean oroitarri grabatua: "Antxo VII Azkarra, Nafarroako errege izanda, bailara hontako biztanleei eman zien foruta 1208 urtean". Irudi batzuk: "Altsasuko herri txit prestua" idatzia duen harmarria (Barruan arranoa, gaztelua, basurdea eta oreina). Eta gainera, grabatuak, bi buruko 2 arrano, buru bakar bateko 2 arrano, eta oilarra dirudien burubakarreko bat.

Pentsatzen jarrita, Nafarroako Erregeak foruak eman zien bailarako biztanleei, hau da, babesa eman zien beste jauntxoen erasoetatik libre geratzeko berme gisa. Muxu truk akaso? Ez dut uste. Garai hartako zergak (hamarrenak, primiziak, errotak erabiltzea, komunaletako egurrak etabar...) ordaintzearen truke eta gerra okasiotan Erregeren zerbitzutan aritzearen truke. Babesa bai, bainan... baldintzatua. Garaiak aldatu dira. Jadanik ez dugu erregerik nahi, ezta Nafarroako erregea bada ere. Dagoeneko ikasi dugu GURE ESKU DAGOela ERABAKITZEKO AHALMENA, eta guztion ERABAKIZ (eta ez erregearen kontzesioz) altxatuko dugula EUSKAL ERREPUBLIKA LIBREA. Hain zuzen, orain kontatzen ari naizen bidai honen bueltan, jakin izan dut Herriko Plazan II Errepublikaren oroimenez ekitaldi bat egin dela. Suposatzen dut III. Errepublikaren desioarekin. Eta nire bururako pentsatzen dut: Errepublika zale batzuri zergatik kosta zaie esatea garbi: GORA EUSKAL ERREPUBLIKA?

Foruen oroimeneko monolitoa pasa eta aurrera joanda baratzean lanean ari zen emakume bati galdetu diot ia non zegoen Santa Engrazia ermita. Erantzun dit: "No existe. Se acabó. No hay nada". Geroago esan dit ez zela Urdiaingoa eta euskaraz ez zekiela. Jarraitu dut Urdiaineraino ermitaren arrastorik gabe. Sarreran zegoen gizon bati galdetu eta esan dit: "Ikusi duzun monolito hori baino pixko bat lehenago, hantxe daukazu ermita. Bainan harri batzuk baizik ez da jadanik".

Sartu naiz herrian eta herriko adinez aurreratua dagoen Lucio Zubiriarengana jo dut. Luciok 97 urte ditu. Osasun ondo, gizon abegikorra eta bere etxera eraman nau. Kontu partikular batzuk hitzegin ondoren galdetu diot Santa Engrazia ermitari buruz. Hona hemen informazio eta ezuste gehiago.

Ezagutu bai, ezagutu zuen ermita. Sarabeko Aitziber ermita estilokoa zen. Santa Engrazia irudi polit polit polit bat zuen barruan. Luciok ez du ermita hartan eta zeremoniarik ez errogatibarik ezagutu. Saraben bai, egiten ziren errogatibak. Lucioren aitona, Joxe Zubiria, sakristaua zen. Eta kantatzen zituen rogatibak: Santa Maria... ora pronobis; Santa Magdalena... ora pro nobis; Santa Ageda... ora pronobis. Horrela joaten ziren errogatibak egiten, gurutz bat aurretik, Aitziberreraino eta San Pedroraino. Eta dionez, Joxe aitonak edo beste norbaitek, santu guztien errezoari eransten zioten: Joxe Zubiria....ora pro nobis; Kaxpa zuria... ora pronobis.... santuen zerrenda, horrela, herriaren erabakiz handituz. Errogatibak egin ondoren meza izaten zen.

Gauza da Santa Engrazian ez zirela errogatibak egiten. Eta 1930 urte inguruan erre egin zen ermita hori. Urdiaingo Anselmok salbatu zuen santaren irudia. Luciok ez daki orain non dagoen irudi hori: elizan? sakristian nonbaiten? Ez daki. Anselmo hori Kanfrank aldera joan omen zen lanera, hemen lanik gabe gelditu zenean.

Ermita bakoitzak baomen zuen bere zaintzaren arduradunak. Maixulanen andriaren ardura izan zen urte askotan San Pedro ermitaren zaintza. Eta Nikolasaren laguntzaz Aitziberko Amaren ermita. Kontatzen du Luciok, behin joan zirela bi emakume horiek Aitziberrera eta Ama Birjinari aurpegia garbitu ziotela urarekin. Nahiko zikina omen zegoen eta. Eta lana hori bukatu eta kristoren ekaitza etorri zela eta blai bali eginda iritsi zirela etxera.

Horrelako informazio bildu ondoren bueltan aurkitu dut Santa Engrazia ermitaren arrastoa. Altsasutik Urdiainera goazela, aipatutako monolitotik ikusten da. Pista jarraitu eta hurrengo bihurgune nabarmenean, txabola multzo batean ondoan, hartu ezkerrera belatso eta arbolen arteko bidexka bat, eta hantxe aurkituko duzute ermita. 15 bat metro luze eta 4-5 metro zabal. Ekitaldera begira dago. Handik ikusten da ederki bueltan: Aralar, San Donato, Santa Marina, Urbasako Gurutzea, Aratz, Aizkorri. Frenten dauka monolitoa. Agian ermita Fueron garaian eraiki zen? Agian ermita horiek lurralde foratuaren mugak adierazten zuten? Agian Foruen barruan zegoen ermita horietako apaiz erregezaleen mantenua aseguratzea? Galdera asko aidean, agian Udalaren artxibotan gordeak daudenak. Bainan goiz baterako, nahikoa izango delakoan...

Urkizu.

Oharra: apirilaren 14ean arratsaldean esan zidatenez, Santa Engrazia eguna apirilaren 16ean da. Eta duela urte mordo bat, egun horretan, Santa Engrazia egunean, elurte izugarria izan zen Urbasa aldean. Elurtea zela eta hamarnaka ardi jelatuak hil ziren. Ardi horien nagusia, Urdiaingo Irigoien artzaia zen.