Jakina denez, Lorea Agirrek irakurri zuen Korrika 2015eko mezua Bilbon. Mezu ederra. Laburtzekotan honela laburtuko nuke: euskara-eskuara. Bizkaitik Xuberoara.
Eusk-ara, entzun dudanez, horrela ulertu daiteke: eusk=eguzki eta ara. Hau da, euskara da eguzkiaren era. Eguzkia, berriz: beroa eta argia. Euskarak animo berotasuna ematen digu eta adimenaren bidetan sartzeko argia.
Esku-ara, berriz, hauxe da: eskuz esku, elkarri laguntzeko, era. Laguntasunaren era. Euskara laguntasunean sortu zen, laguntasunean iraun du orain arte, eta laguntasunean aurrera egingo du bero eta argi.
Dena bilduta: Bilbon irakurritako mezuak esaten digu: aupa neska-mutilok, haur eta agureok: eskuz eskuz, geure erabakiz, orain arteraino ekarri dugun hizkuntza, eskuz esku, motibazioaren berotasunean eta adimenaren argian, osorik garatuko da eta fruituak emango ditu.
Bigarren mezu erdi-izkutuak Altsasuko Korrikako afarian hartu zuen gorputza. Galdera bati (ZER DA KORRIKA) erantzunez, lau hiz magiko atera ziren: Korrika da KOLOREA, GIROA, LASTERKETA eta MAITASUNA. Horrela definizio honetara iritxi ginen: Korrika da Kolore Giroan Maitasun Lasterketa. Kontsigna moduan luzeegia zen Aitorren beharretarako. Izan ere Aitor Korrikaren furgonetan aritu behar bait zen kontsignak ohiukatzen! Horrela bada, bere eskariari men eginez, afari hartatik atera zen bigarren mezua: KO GI MAI LAS OH! OH!.
Etzen han dena bukatu. Aitorrek jaso zuen ohar misteriotsu bat eta, deiari kasu eginez, bere ibilaldi propioa egin behar izan zuen. Ia hilabeteko ibilbidea egin behar izan du. Ez dut argituko zergatik izan zen Aitor aukeratua. Bainan bilaketaren amaieran dena argitu zen. Galdera hauxe zen: NOLAKOA DA KORRIKA? Eta lau hitz magiko hauek aurkitu zituen Aitorrek bere bidai partikularrean:
KONTZIENTZIA-ren emaitza. Izan ere Aitor bezala kontsignak esaten ibiltzeko, kontzientzia behar da. Hau da euskararen beroa (motibazioa), argia (ezagutza) eta eskuak (erabilera).
GAZTEA. Ez soilik Aitor bezelako jende gazte asko dabilelako, agureak ere korrikarekin gaztetzen direlako baizik.
EDERRA.- Eta ez soilik Aitor bezelako jende ederra ibiltzen delako, ederra delako asmoa baizik.
ALAIA.- Izan ere Aitor begiratzea besterik ez dago, bainan areago, kontzientziaren emaitza alaitasuna delako.
Horrela bada, eta jokuarekin jarraituz, elkartu dezagun hitz magiko horien lehenengo silabak, eta hauxe da Korrikaren aurtengo hirugarren mezu ezkutua, hizkuntza sortu berri batean aldarrikatua:
KON GAZ AL ED...........ah! oh! ah!
Urkizu