Kapitalaren diktaduraren menpe bizi garela uka ezina da. Bidaiatu nahi al duzu? Kapitalak erabakiko du ahal duzun edo ez, eta nora joan zaitezkeen eta nora ez, eta nola egingo duzun bidaia. Etxean bero egon nahi duzula? Iberdrolak edo Endesak erabakiko du elektrizitatea izango duzun edo ez... zure poltsikoaren arabera. Etxe bat nahi duzula bizitzeko, Kutxabankek edo Caixak erabakiko du horretarako duintasuna (hau da dirua) daukazun ala ez. Munduko gosea, gerrak, aldaketa klimatikoa... kapitalarekin, hau da, dirua akumulatzeko grinarekin zer ikusi handia du. hau da nire pentsamendua. Horrela idatzita ikusi dudanarekin, nire ustez hori egin dutenek erakusten duten desioarekin (Kapitalarekin amaitu) bat nator. Kapitala da dugun kalamitaterik handiena.
Hori esanda, ohartxo batzuk:
1.- Gauza bat da kapitala eta beste bat kapitalismoa (kapitalak antolatu duen gizartea). Adibidez, ekintzaile horiek, seguruenik, etxe batean bizi dira (eta kapitalismoaren etxea da), eta kotxeren bat erabiliko dute (eta kapitalismoaren kotxea da hori), eta beraiek edo aitak edo amak langileak izango dira (hau da, kapitalaren langileak, beraien plusbalioarekin kapitala handitzen duten langile asalariatuak, hau da, behartuak). Kapitalismoari sua ematea, ez du, seguruenik ekintzaileen pentsamenduan beraien etxeari, kotxeari eta aita-langileari su ematea esan nahi. Bada, hobe gauza horiek argitzea.
2.- Sua eman, esaten dute. Bainan beraiek "pintura bota" egin dute. Ez da berdina pintura bota, edo tarta aurpegira itxasi, edo sua eman. Bainan demagun "sua eman" simbolikoa dela. Zeren simboloa? Eta batez ere, norbaiti esplikatu al diote nola ematen zaion sua kapitalismoari.
Nire uste apalean poxpolorik indartsuena eta eraginkorrena, behekoen eta zapalduen eta herri xumearen kontzientzia eta batasuna dira. Eta hortik dator nire hirugarren gogoeta.
3.- Ekintza horren ondorio zuzenak izan dira jende askoren arteko solasaldiak... eta batzutan amorrua eta hasarrea. Mereziko luke hori aztertzea, eta galdetzea eta galdetzea... zer iruditu zaizuen? Eta susmoa dut, ez segurantzi osoa, jende bastanterengan sortu duena amorrua (ez kapitalaren kontra, ekintzaileen kontra baizik) izan dela. Eta justu ekintzaileen kontrako amorru giroa, hasarre giroa. Eta horrela balitz, pentsatzekoa da, horrelako giroa ez bait da batere egokia ez kontzientzia, ez batasuna sortzeko. Aitzitik, modu horretako amorruak ateak isten dio pentsatzeari.
Kapitalaren aurka jotzeko prest, herriaren batasuna, kontzientzia, duintasun sentimendua eta pentsamendu librea areago eramanez.
Urkizu