ENRIKE ZELAIA, AZTIA!

Erabiltzailearen aurpegia Urkizu 2015ko mai. 4a, 16:31

Ikusgarria, bikaina, zirraragarria. Hiru hitz horietan labubiltzen dut ikusi, entzun, sentitu eta oldoztu nuena joan den maiatzaren 2an, Altsasuko frontoi bete betean.

Duela urte asko, Enrique Zelaiaz ari ginela, esan zidan Gurutzek: Azti bat da! Orduan jakin bai, banekien Enrike Zelaiaz, bainan ezagutu ezagutu, ez. Altsasuko Aztia bada. Joan den larunbatean Enrikek esku-soinua eskutan hartu zuenean ikusi nuen Aztia bere lan magikoan murgildua. Etzuen eskuz soilik jotzen akordeoia. Gorputz osoaren mogimendua, ahoaren mogimenduak eta handik ateratzen ziren hitzak ("Agur Xuberoa...") Azti handiaren erritual magikoaren urratsak ziren. Bera osotasunean musikaz atrapatua. Eta ja¡nkozko batek, kasu honetan, Sakanako musikaren Musa Mari Jainkotsak harrapatzen zaituenean, ez zara orduan besteak bezelakoa, ukitua zaude, eta gainontzeko guztientzat "arraroa" zara. Bainan Enrikeren "arraro" izate hori berezia da. Nola ulertu bestela lagun kuadrila baten afarira gonbidatu, Enrike akordeioarekin azaldu, eta inoiz eta inon jo ez duen bezala bost-zazpi lagunen artean bere musika-jotze ederrenetakoak hantxe bertan kuadrilakoei eskeintzea! Hori bai dela arraro, bainan arrarotasun berezia, bihotz handitasunarena.

Horrela bada, oker zebilen Enriquek esan zuenean: "Profetak ez dira ongi hartuak bere herrian, bainan Enrike Profeta oso ondo hartua izan da bere herrian". Bera ez baita Profeta izan, Aztia baizik. Profeta garai berriak aldarrikatzen ditu, bainan Aztiak garai berriak fabrikatzen ditu. Eta larunbateko emanaldi gogoangarri hura izan zen bere Aztitasunaren froga. Herri osoa bildua... zeren inguruan? Errotikako musikaren eta musika horren aztiaren inguruan. Horregatik esan zuen Enrikek, emozioz gainezka, Gora Altsasua, eta Gora Sakana, eta Gora Nafarroa... eta gora eta gora Euskal Herria!!!.

Herria bildua, haurrak eta agureak, gazteak eta makuludunak, eta urtetan landutako eta bizitutako parte hartze izugarri horren baitan, eta mundura irekitako emaitza horren adarretako fruituetan... lore bikainak: Altsasuko Erkudenen ahots garden eder eta unkigarria; ez dakit nondik ateratako txistularia, Hamelingo xirularia haina ahalmena duena hildakoak berpizteko; horrelako akordeolari saila bikaina Pekinetik Bartzelonara eta Paristik New Yorkera edozein ikusle exigenteenari plazera emateko modukoa. Eta nola ez, herriko banda, bere zuzendari Malherren estilokoa. Bikaina, ederra, kalitate handikoa... Eta gainera inongo kalitate teknikorik eman ezin dezakeena, eta esandako hitzetan eta entzundako txaloetan igortzen eta irradiatzen zena: bihotz xamurtasunaren grazia eta magia. Oso oso maitakorra izan zen jaia. Horregatik ere mila esker Enrike Zelaiari, eta mila esker Altsasuko herriari. Denok atera ginen handik, sartu ginen baino hobeagoak, alaiagoak, maitakorragoak eta gure eskutan etorkizuna dagoela pentsatzeko emanagoak.

Gozada bat izan zen.

Urkizu