MIRARIA! BARGAGAINEKO GAZTELUA DESAGERTU DA

Erabiltzailearen aurpegia Urkizu 2015ko mai. 8a, 16:22

Joan zaitez berehala Bargaina ikusten den Altsasuko edozein txokora. Jarri begira. Udaberri berdeak berdez blai utziko zaitu. Begira. Ez duzu Bargagaineko "gaztelua" ikusiko. Urbasako gurutzea, ordea, harrizkote baten gainean ezarria han dirau. Zergatik desagertu da "gaztelua", zergatik ez frankismo garaiko gurutzea? Hona hemen azalpen posible batzuk.

Nire susmoa da urtero errepikatzen den mirari baten aurrean gaudela. Udaberri berde lizun ederrak eztanda egin du Urbasan eta Bargagain osoa osto dizdiratsuz estali da. Bizitzaren eztanda. Txoriak amodio kantetan. Loreak maiteminduen kolorez. Eguzkiaren indarrez indar genesiakoak libre eta sinistu ezinezko harmonian osatu dira, edertasuna nonnahi zabalduz. Amodio-shunami honen aurrean "gaztelua" desagertu da urruneko bistatik, urtero desagertzen den bezala.

Bainan "gaztelua" diot eta diogu. Eta aiton-amonen batek esan dit gaztelua erabilia izan zela gerra karlistetan. Orduan pentsatu nuen: ederra simboloa; bizitzaren eztandak gerrarekin amaitzen du. Bestela esanda, amodioak gerrari irabazi dio Bargagainean. Bainan zentzu pixko batekin ibili beharra dago. "Gaztelu" deitutakoa ez da inoiz gaztelua izan. Dorrea baizik. Koldo pintoreak azaldu didanez Dorre hori, Basozabaleko Dorrea izenez, 1846ean eraiki zen eta zertarako? Madridetik Irunera Gasteiztik barrena altxatutako komunikazio-sare telegrafikoaren puntu bat zen. Beste puntu bat zegoen Altsasuko beste aldean, Dorretxiki izenekoa. Eta Altsasu baino lehenago Ziordian. Horrela bada "gaztelua" ez da bere izena eta ez zen gerrarako pentsatua. Dorrea da eta komunikaziorako. Horregatik 1512eko Nafarroako konskitaren oroitzapen ekimenetan su-bidezko komunikazio sare bat osatu zen Ziordia-Basozabaleko Dorrea- Etxarri eta Iruinerako bidea osatuz. Dena den inbestigazio honek, ezagutzen ez nuen berri bat erakarri dit. Ziordian, hain zuzen, badago harri berezi bat:"Bandoleroen Harria". Agian, izan al ziren Altsasun "bandoleroak" eta erabili al zuten Basozabaleko Dorrea babesleku gisa?. Zeren, izan.... Altsasun izan dira "bandoleroak". Azken-azken ezagunak, Demokrazia izeneko honetan hainbat epaiketa sufritu duten gazteak. Bestela, zergatik dabiltzate patrolak arnas hartzeko betarik eman gabe? "Bandolero"-en atzetik? Eta ez al ziren "bandoleroak" Francoren kolpe militarratik ihesi Altsasutik, heriotz zigorraren beldur, alde egin zuten 800 bat gazte eta heldu? Eta atzera joanez, gerra karlistetan bentzutuak eta zigortuak izan zirenetako batzuk ez al ziren "bandolero" bezala bizi, hain zuzen, bizi ahal izateko? Eta atzera eginez, zer egin zuten 1512ko konskitaren ondoren galtzaileen artean geratu ziren herrietako gazteak? Agian mendira joan eta Amerikan beltzak bezala (milaka esklabuk ihes egin eta lurralde libreak eratu zuten, eta beltz horiei "zimarroiak" (bandoleroak?) deitzen zitzaien), inguruko basoetan "bandolero" gisa biziraun zuten ahal zuten moduan?

Bainan hariak bilduz eta Dorrearen desagerpenaren esplikazio baten bila nenbilen. Hauxe da nire azalpena. Bizitzaren eztanda instantaneoa da, instant berean Barga osoa Irurtzundik Gasteizerainoko bide osoan, Urbasan barrera Urederreraino, Aralar zeharkatuz eta Aizkorri eta Aratz harrapatuz, bizitzaren komunikazioa instantaneoa da. Orduan gizakiok asmatu dugun komunikazio tresna trakets guztiak (sua bidezko komunikazioa, usoen bidezkoa, ispiluen bidezkoa, telegrafoa, morsea, internet eta guzti) gaindituak gelditzen dira bizitzaren eta amodioaren komunikazio instantaneoaren aurrean.

Urbasako Gurutzearen permanentzia esplikatzea da falta zaiguna. Azalpena bikoitza da, Gurutzearen Simbolismoa bikoitza delako. Alde batetik, gurutzea tortura tresna da, heriotzara daraman tortura tresna. Bestetik, gurutzean gurutziltzatua dago.

1) Urbasako Gurutzea bizitzatik aparte xamar dago, harritzar baten gainean eraikia. Eta gainera frankismo garaian eraikia. Eliza katoliko espainiarraren Agintari Gorenak (Aita "Santu" Pio XII nazien aldekoa eta "gurutzadaren" defendatzaile sutsua eta orduko Kardenal eta Obispo gehien gehienak) gurutzea erabili zuten frankismoaren sarraskia, heriotzaren hedapena, bedeinkatzeko. Horretan, Botere imperialarekin bat egin zuen Eliz Katolikoaren Agintaritzak historia luzea du: erdi aroko Gurutzadak, Amerikako konskita ezpata eta gurutzearekin, Inkisioa eta emakumeen aurkako feminizidioa, Judeuen aurkako progromoak, Errege katolikoek desterrura bidali zuten arabiar espainolak (1492)... Heriotz tradizio horri segida emanez iritsi gara Rouco Varelaren garaietara. Eta frankismoak ezarritako gurutz hori, frankismoaren nazionalkatolizismoaren oroigarri hori, oraindik zutik dirau... oraindik herriaren bizitza eta bizitasuna frankismoak utzitako herentziarekin bukatzeko gai izan ez delako. Horregatik ez da Udaberri honetan Urbasako Gurutzea desagertu.

2).- Bainan, bestalde, Gurutzean dago gurutziltzatua. Jesus Nazaretekoa, eta hura bezala, justizia defenditzeagatik erahilak izan diren guztiak. Esan dezakegu bada, gurutziltzatu hori dela 1934an eta 1936ean Altsasuan erreakzioak hildako errepublikar jendearen simboloa. Eta nola Jesus Nazaretekoak, gure herriko jende askoren mitologiaren arabera, borroka egin zuen Heriotzarekin eta Bizitzaren alde (horregatik diote "berpiztu" zela), mitologia horren arabera Gurutziltzatua bat dator udaberriko bizitzaren eztandarekin. Izan ere, mitologia horren arabera, Nazareteko Jesus omen da "Ni naiz bidea, egia eta bizitza" esan zuena. Eta bestalde gurutziltzatua baldin bada erreakzioaren aurka eta justiziaren defentsan zigortuak izan diren guztien (Euskal Herriaren eskubideak defenditzeagatik, Errepublika defenditzeagatik, Foruak defenditzeagatik, Emakumeak defenditzeagatik, Lurra defenditzeagatik, Amodioa defenditzeagatik...) errepresaliatuak izan diren guztien simboloa... orduan zapaldutako guzti horiek, hilak badaude ere, eskubidea dute eta merezi dute gurekin udaberri espektakular hau, bizitzaren eztanda unibertsal hau ospatzea. Horregatik ere gurutziltzatua ez da desagertu.

Goza ezazutela udaberri hunkigarri honetan. Gora bizitza eta amodioa. Eta askatasuna!

Urkizu.