Atzo, abuztuaren 26ean, Akeitara joan nintzen nire Iruineko Xabier lagunarekin kafetxo on bat hartzera. Kafetegian zegoen Jabier, nagusia. Aurkezpenak egin nituen:
***Hau da Xabier, Iruineko laguna, Nafarroako Euskararen Historia maitasun ikaragarriz aztertu duen eta horretaz gehientsuen dakiena.
***Hau da Jabier, Akeitako eraikitzailea, eta kafeari buruz izugarri dakien aditua.
1.-Jarri ginen solasean eta kafe hartzera joanak ginenez eta Jabier han zegoenez, kafea izan zen solasgaia. Italian zein kafe ona ematen duten tabernetan! Zer axolagabekeria dagoen, kasu askotan, gure herrietan, kafea zerbitzerakoan! Europan kafe ona zerbitzatzen dutela, eta hemen berriz kafe merkearen atzetik dabiltzatela asko eta holakoak... Halako batean Jabierrek esaera borobil bat bota zigun: Nik kafea jarraitzen dut hasieratik bukaeraraino "de la mata a la taza". Eta han luzatu zitzaigun klimak, lurraren altuera, lurraren kalitatea, euriak eta eguzkiak nolako eragina duten kafearen kalitatean; noiz eta nola jaso behar diren aleak; kafe aleen usaina aniztasuna; zaporearen nondik norakoak; nola landu behar diren gero; zein temperaturatan eduki; nolako kafeterak behar diren eta nola erabili (kafeteraren presioa, temperatura, kafea ixurtzeko denbora etabar....); nolako katiluak kaferako...
Zinez diotsuet. Badugu herrian tabernari guztientzat ikastaro bizigarri bat egiteko aditua. Eta zer gertatuko zen herrian baldin eta taberna guztietan kafe bikaina, kafearekiko enamoramenduz eskeiniko balitzateke? Nola aldatuko zen herriko jendearen umorea? Bizitzeko satisfakzioa? Ez dakigu... froga egin ez delako.
2.-Herriko plazan bazegoen zuhaitz sakratu bat. Behin nire aitaginarrebarekin zuhaitz sakratu haren alboan geundela esan nion (erromantikoa ni!): "Zenbat muxu enamoratuak emango ziren zuhaitz honen babespean!". Eta berak (errealista sanoa) erantzun zidan: "Eta zenbat mozkorrek egingo zuten honen gainean pixa!". Izan ere sakratua zen: festaren arbola zelako, bizitzaren arbola zelako. Eta haren inguruan biltzen ziren maitasuna (enamoratuak), jan-edate sanoa (pixa ondorioz) eta jendearen poza. Hori zen zuhaitz sakratua. Usteltzen hasi zen, aldatu zen, berri bat jarri. Berriak oraindik ez du hainbeste historia bere adarretan bildu. Ari da, ari da gauza berriak ikusten eta bere memorian jasotzen.
Zuhaitza zaharra monumentu bihurtu zen. Herriko aldi luze baten oroimena, hantxe dago: harri zulatuen gainean, bere barneak hustu duen zuhaitza, eta zuhaitza horren barnetik sortzen den giza-emakumeen irudiak, hauek ere barneak hustuak dituztela.
Harria zulatua bizitzaren bila; zuhaitz bizia barrena hustua etortzekoa den berriari bide irekitzeko; giza-emakume biziak, hauek ere barneak hustuak, etorriko diren belaunaldi berriei muxuen eta pixaren, maitasunaren eta elikadura osasuntsuaren bidea erakusteko. Eta guzti horren fruitu modura, adibidez, harribitxiak: kafearen zaporea dastatzeko gaitasuna eta kafe zaporetsua egiteko habilezia. Bainan harri bitxiak askoz gehiago daude gure herri honetan.
Poetak zioen: Harrizko Herri Hau. Altsasuk, aurekoa osatuz, dio:Harri bitxiaren gainean zuhaitza biziaren altzoan, maitasunaren eta jan-edan sanoen sortzaile eta fruitua den herria, jende festazalez osatua.
Urkizu.